Hilaren 19an egingo dute osoko bilkura Udal batzordeak osatzeko

Mirari Altube Arrese 2007ko uzt. 13a, 14:04
Datorren eguenean, hilak 19, egingo du udalbatzak ez ohiko osoko bilkura Udal batzordeak osatu eta batzordeburuak izendatzeko. Orduantxe jakinaraziko dute zeintzuk osatuko duten Udal gobernua datozen lau urteotan.

Aretxabaletako udalbatzako hainbat alderdi kontuak adostu guran dabil azken asteotan. Gobernu onerako hitzarmena sinatu zuten hiru alderdiek, Eusko Abertzale Ekintzak, Aralarrek eta EAk, hainbat bilera egin dituzte eta programaren gainean jardun dute guztietan. Inaxio Garro alkateak adierazi digu helburu dezente aurreikusi zituztela hasieran eta lehentasunak ezartzen ibili direla gero: "Seguru asko astelehenerako adostuta gera liteke lan hori. Bestetik, lau urterako inbertsiorik potoloenak kuantifikatzen ibili gara aurreikusitako helburuetatik abiatuta".

Jakinarazi digu gainera, EAJrekin oraingoz ez dutela ezer adostu. Gobernu onerako hitzarmenaren kopia eman zien orain dela aste batzuk, eta horren gainean duten iritzia jakin gura dute Eusko Abertzale Ekintzak, Aralarrek eta EAk: "Hitzarmenarekin bat etorriz gero Gobernuan egoteko aukera eskainiko diogu", azaldu digu Garrok.

Batzordeak osatu
Datorren eguenean egingo duten osoko bilkuran jakinaraziko dute zeintzuk osatuko dute Udal gobernu batzordea. Gainerako batzordeak ere osatuko dituzte, eta batzordeburuak, alkateordeak eta beste erakunde batzuetara joango diren ordezkariak izendatuko dituzte. Alkateak Udalean izango duen lan jarduna eztabaidatuko dute, gainera. Datozen lau urteotan ohiko osoko bilkurek izango duten maiztasuna ezarriko dute eta noiz egingo dituzten zehaztu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak