Hilaren 15ean hasiko dira kirol jarduerak eskaintzen Zainduz gimnasioan

Mirian Biteri 2008ko ira. 4a, 14:29
Kiroldegi berriaren eraikuntza lanak direla eta, 2008-2009 ikasturteko kirol eskaintza oraingoz Zainduz gimnasioan izango da. Kirol teknikari Asier Muxikak esan du irailaren 15ean hasiko dira eta dagoeneko zabalik dagoela horietan izena emateko epea.

Muxikak jakinarazi du, gainera, Udalak lokal berria egokituko duela laster Durana kalean, horretan ere kirol jarduerak eskaintzeko.

Aurtengo eskaintza hiru arlotan dago banatuta. Gimnasioko jarduerei dagokienez, sasoian egoteko gimnasia, multifitness, hirugarren adinekoendako gimnasia, spinninga, tonifikazioa, fit-bizkarra, Atzegiko gimnasia eta GAP eskainiko dira. Jarduera lasaien barnean, pilates nahiz tai txi eta koreografia eta dantza jarduenen artean, batuka eta aerobika aukeratu ahal izango dira. Horretaz aparte, masajeak, solariuma eta banakako entrenamenduak ere egongo dira eskura.

Zainduz, erabiltzeko prest

Kirol teknikariak esan du Zainduz gimnasioa dagoeneko zabalik dagoela eta fitness gela eta sauna erabil daitezkeela. Azaldu du, gainera, eskaintzaren gaineko informazioa eskuratu edo jardueretan parte hartu gura duenak Zainduzen bertan eman dezakeela izena.

Kiroldegia husten

Bestalde, Kirol etxeak uztailaren 30ean itxi zituen ateak betiko. Udal langileek egunotan eraikina husten dihardute. Hala, Muxikak adierazi du balio duen materiala Zainduz gimnasiora eramaten dihardutela eta gainontzekoa biltegian gorde edo bota egingo dutela, horren egoeraren arabera. Teknikarien bulegoak ere aldatu egin dira, Iralabarri plazan kokatu dituzte.

Materiala atera ostean, kirol etxe zaharra eraisten hasiko dira. Irailaren amaierarako dago hori aurreikusita. Horren gainean, kirol teknikariak adierazi du oraindik esleitu barik daudela lan horiek. "Lehiaketa deitu genuen eta abuztuan proposamenak jaso ditugu. Aste honetan ez bada, datorren astean dugu esleipena egiteko asmoa", esan du azkenik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak