Hilabete atzeratuko dira Herriko Plazako lanak

Mirari Altube Arrese 2008ko urriaren 10a

Urriaren 31n bukatzea Herriko Plazako lanak aurreikusita zuen Udalak, baina hilabete inguruko atzerapenak izango dituzte. Hortaz, azaro bukaerarako gertu izango dugu guztiz berritutako plaza.

Arrasateko Aikia eta Besaide enpresek osatutako aldi baterako elkartea dabil lanak egiten, eta zazpi hilabeteko lanak izango zirela aurreikusi zuten. Ez dute aparteko ezustekorik eta arazorik izan, eta Hirigintza Saileko ordezkarien esanetan atzerapena materiala jasotzeko orduan arazoak dituztelako da.
Lanok martxo bukaeran hasi zituzten plazan zeuden zortzi platanondoak botata. Ondoren plaza barrenean zegoen harrizko pergola bota zuten, eta gero etxeetako urak jasotzeko dauden saneamendu hodiak aldatu zituzten. Hori horrela, lan handienak eginda daude, baina plazari itxura berria ematea geratzen da oraindik: zorua jarri, plazara begira dauden arkuak estali eta arkupeetan sabai faltsua egin.
Durana kaletik igotzeko eskailera bakarra jarriko dute, eta ez bi, lehen zeuden moduan. Erdian egongo da eskailera, eta bi alboetatik bost metro izango dituzten arrapalak egingo dizkiote. Arrapala horiek 10 metro jango diote lehengo plazari; hortaz, txikiagoa izango da. Gainera, plaza eta arkupeak altuera berean egongo dira. Lan horiek guztiak bukatzeko arrapaletan balaustreak jarriko dituzte lehenengo eta farolaz, zuhaitzez eta altzariz hornituko dute gero itxura guztiz berria izango duen Herriko Plaza.

Komertzioei hobariak

Proiektua onartu aurretik bizilagunei erakutsi zien Udalak jakinaren gainean egon zitezen, eta hainbat iradokizun aurkeztu zituzten. Hala ere, lanok iraun bitartean plazako bizilagunen kexa asko jaso dituzte udaletxean. Hirigintza Saileko ordezkariek uste dute egindako lanek ekarriko dizkieten onurak ikusita sortutako eragozpen eta burukominak lehenbailehen ahaztuko dituztela bizilagunek.
Bere aldetik udalbatzak erabaki zuen irailaren 29an egindako osoko bilkuran plazan dauden zazpi komertzioei hobariak aplikatzea 2009ko lehen bi hiruhilabeteetan. Hala, uraren eta zaborraren tasen erdia kobratuko dizkiete hiruhilabete horietan, lanak iraun bitartean sortutako kalteak murrizteko. Aho batez hartu zuen konpromiso hori udalbatzak irailean, eta astelehen honetan berretsi egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak