Herritarren parte hartze handia eta giro ederra, jaietako protagonistak

Miren Arregi Amasorrain 2008ko abuztuaren 18a

Eguenean hasi zituzten atxabaltarrek herriko jai nagusiak eta atzora arte, ez zen ez haur, ez gazte ez eta helduentzat ere, atsedenerako tarterik izan. Lau egunok, biziki eta modu intentsuan bizi izan dituzte atxabaltan eta ziur gaur bat baino gehiago izango dela buruko minaz kexu.

Adin tarte guztietarako ekintzak izan dira egunotan herrian. Egubakoitzean, Barricada talde mitikoak, Txozna gunea bete eta emanaldi osatu batekin gozarazi zituen bertan bildutako herritarrak eta inguruko herrietatik etorritakoak. Bailaratik, jende ugari animatu zen kontzertura. Taldearen abesti ezagunenetarikoak diren No hay tregua, Oveja negra, En blanco y negro eta beste hainbat bukaerarako utzi zituzten eta agian horregatik, bukaerara arte, ez zen giroa erabat berotu Aretxabaletan.

 

Zapatuan, goizeko hamarretan, kontzertuaren ondoren kalean gelditu eta parranda egin zutenak izan ezik, gainontzeko herritarrak kalera atera ziren Leintz Bailarako 70.txirrindularitza probak emateko zituenak ikustera. 23 urtez azpiko eta elite mailako 132 txirrindularik hartu zuten parte lasterketan eta garaile, Caja Rural taldeko Hector Espasandin galiziarra atera zen. Hark hala esanda, proba gogorra da Andramaixetakoa eta bere burua ondo ikusten zuenez, Aretxabaletan irabaztea zen Espasandinen helburua. Bigarren saria Azpiru Ugarte taldeko Garikoitz Bravorentzat izan da eta bera izan da gainera Mendiko Sariaren garailea. Hirugarren postuan gelditu da, Telco taldeko Luis Moyano txirrindularia.

Ume zein helduendako ikuskizunak ere ez dira falta izan egunotan herrian. Batetik, Zirika Zirkus umeendako ikuskizunak, aho zabalik utzi zituen etxeko txikitxoenak. Arratsaldean, Txinako SanXia eskualdeko akrobazia konpainiaren ikuskizunak ere, zur eta lur utzi Zituen herriko gazte eta ez hain gazte direnak ere. Malabaristek, euren kulturaren eta tradizioaren erakusle diren akrobaziak erakutsi zituzten.

Atzo berriz, jaietako azken eguna izanik, jendeak %100ean aprobetxatu gura izan zuen guztia. Aretxabaletako X. Herri bazkaria, inoiz bainoa arrakastatsuagoa izan zen. 600 lagun baino gehiagorentzat eginiko paellak izan zuen bai, zeresana horretan. Bazkariaren ostean, gazte ekimenak antolatuta jolasak egin zituzten eta ondoren sokamuturra egin zuten Durana kalean barrena.

Ondoren, musika, jaia, eta parrandarekin jarraitu zuten atxabaltarrek eta goizeko zazpiretan eman diote amaiera jaiei, txosna gunean egin duten mozkorraren jaitsierarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak