Herritarren partaidetza bultzatzeko 'Kudeatuz' proiektua iritsi da gurera

Mirian Biteri 2009ko aza. 9a, 11:03
Gipuzkoako Diputazioko Lehendakaritza eta Foru Administrazioko diputatu Edurne Egañak eta Aretxabaletako alkate Inaxio Garrok lankidetza hitzarmena sinatu dute, herritarren partaidetza eta politika publikoen ebaluzioa egiteko. Udalaren politika publikoen harira, aretxabaletarrek duten balorazioa edo gogobetetzea neurtu nahi da horren bidez.

Esandako ekimena Kudeatuz delako proiektuaren barruan sartuta dago. Aretxabaletarekin batera, joan den uztaila ezkero, Gipuzkoako beste bederatzi udalerri parte hartzen ari dira esandako egitasmoan; tartean, Bergara. Diputazioak, guztira, 100.000 euro bideratuko ditu kontsultak eta azterketak egiteko.

Udalaren politika publikoak baloratzeko bi atal dituen azterketa egingo da herrian: batetik, telefono bidezko inkestak egingo zaizkie ausaz aukeratutako herritar hainbati; eta bestetik, norberak betetzeko galdera sorta laburra bidaltzen ari dira egunotan udalerriko etxe guztietara.

Azken horretan, 11 udal-zerbitzu balora ditzakete herritarrek: Kultura, Kirola, Gizarte-ekintza, Segurtasuna eta Babesa, Obrak eta Zerbitzuak, Euskara, Hirigintza, Ingurumena, Osasuna, Enplegua eta Gazteria, hain justu ere.

Zerbitzu bakoitzari nota orokorra eman beharko diote 0tik (izan litekeen notarik txarrena) 10era (baloraziorik onena). Horrekin batera, egoki iritzitako iradokizun, ideia edo hobekuntzak sar daitezke. 

Mozioaren eraginak

Sinadura hitzarmenean azaldutakoaren arabera, egitasmo horren helburua da erakundeen, eta, kasu honetan, Udalaren eguneroko lana hobetzea. Hortaz, aretxabalerrei gonbita egin diete etxera iristen zaien galdera sorta bete dezaten eta ahalik eta iradokizun gehien egin ditzaten.

Galdera sortarekin batera, kartazala ere iritsi zaie herritarrei etxera, hura erantzuterakoan bertan sartu eta postontzian bota dezaten, zigilu eta inongo kosturik gabe. Horren gaineko zalantza dutenek edo informazio gehiago nahi dutenek udaletxera dei dezakete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak