Herritarren %43,9k erabiltzen du euskara kalean

Soziolinguistika Klusterrak egin du euskararen kale neurketa pasa den otsaila hasieran eta martxoa amaieran. Haurrek gero eta gutxiago erabiltzen dute euskara kalean.

Otsailaren 25, 27 eta 29an eta martxoaren 8an, Soziolinguistikako Klusterreko bost langile eta Udalak jarritako beste bi laguntzaile ibili ziren Aretxabaletako hainbat gunetan, behaketa zuzenaren metodoa erabilita euskararen kale erabilera neurtzen. 1523 pertsonaren elkarrizketa ohiturei erreparatu zieten.

1990az geroztik, bi urtean behin egiten da neurketa Aretxabaletan, eta orokorrean, gora behera gutxirekin datu antzerakoak lortu izan dira. Aurten %43,9n kokatu da euskararen kale erabilera, duela bi urteko neurketa baino 0,7 puntu gehiago. Herritarren %64,5a da euskalduna Aretxabaletan.

Haurrek, gero eta gutxiago

Adinari dagokionez, bi talde handitan bereiz daiteke Aretxabaleta: haur eta gazteak batetik  eta helduak eta adinekoak bestetik. Haur eta gaztek dira gehien erabiltzen dutenak, nahiz eta haurren kasuan, euskararen erabilerak behera egin duen. 2001etik hona, 13 puntu egin du behera haurren euskara erabilerak, aurten %53,7an geratuz. Hori bakarrik ez, behera egin du baita ere euskarak haurren arteko elkarrizketetan. Ondorioz, datozen neurketetan jarraipen zehatza egitea komenigarria dela esan du neurketaren emaitzak jasotzen dituen txostena aurkeztu duen teknikariak. Gazteen artean bestalde, azken urteetako joera negatiboa zuzendu egin da, eta azken neurketan baino 10 puntu altuagoa da euskararen erabilera, %51,7an geratuz.

Heldu eta adinekoei dagokienez, adinekoen kasuan ere behera egin du euskararen erabilerak (1,1 puntu), baina hau Euskal Herri osoan ematen den fenomeno bat dela azaldu dute Soziolinguistika Klusterrekoek, esanez, orain arte erdaldunena izan den helduen taldea zahartzen joan denez, adinekoen taldera pasa direla. Helduen taldean berriz, gora egin du euskararen kale erabilerak eta 2008an %38,9an geratu da.

Aretxabaletako gau giroa, euskalduna

Gizonezko eta emakumezkoen artean, gizonezkoak dira euskara gehiago erabiltzen dutenak, baina azken neurketan aldea gutxitu egin da. Astegunetan eta asteburutan egin zuten neurketa, eta gau giroko datuak ere batu dituzte. Kasu honetan, %64 da euskararen erabilera, herriko bataz besteko erabilera baino altuagoa. Haurrak presente dauden elkarrizketak ere neurtu dituzte. Hala, nabarmentzekoa da haurrak mintzakide diren elkarrizketetan, euskararen erabilera indizea %70era igotzen dela.

Soziolinguistika Klusterretik adierazi dutenez, Aretxabaletako datuak orokorrean Debagoieneko gainerako herrietakoen oso antzerakoak dira, eta Gipuzkoakoak eta Euskal Herrikoak baino altuagoak.






ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.