Saneamendu lanak egitea dauka aurreikusita Udalak Herriko Plazan, hau da, bertako ur hodiak aldatzea. Hori aprobetxatuta guztiz eraberrituko dute plaza, eta itxura berria izango du datorren urte bukaerarako. Donostiako Asmatu enpresak egin du proiektua, eta aldaketa garrantzitsuak egingo dizkiote, batez ere irisgarritasunari dagokionean. Hala, plaza barrenean dagoen harrizko pergola bota egingo dute, eta arrapala hobeak jarriko dituzte gurpildun aulkian dabiltzanek zein ume aulkiek samurrago igotzeko. Gainera, maila berean jarriko dituzte arkupeak eta plaza.
Zuhaitz eta eserleku berriak
Orain dauden zortzi platanondoak kendu egingo dituzte: "Izan ere, lurzoru guztia hondatzen dabiltza zuhaitzen sustraiak", adierazi digu alkateak. Eta eserlekuak ere desagertu egingo dira orain dauden lekutik. Berriak aurrerago ekarriko dituzte, ia plaza erdira: "Plazaren perimetroa mantendu egingo dugu, baina txikiagoa izango da gero, eserleku eta zuhaitzak aurrerago egongo direlako. Hala, ez da hain hutsik ikusiko eta samurrago beteko dugu", argitu zigun alkateak. Argitasun handiagoa izateko arkuak kendu egingo dituzte, eta lauki itxura hartuko dute etxeek.
Lanok lehenbailehen esleitu, eta 2008ko lehen hiru hilabetean hastea gurako luke Udalak. Bederatzi hilabete iraungo dutela aurreikusi dute eta 1.074.292 euroko aurrekontua daukate.