Herriko parroko izandako eta 1936an hildako Jose Joakin Arinen aldeko meza gertatu dute

Mirari Altube Arrese 2009ko azaroaren 13a

Azaroaren 22an, Santa Zezilia eguna, Jose Joakin Arin abadearen aldeko meza esango dute parrokian (11:30), Aretxabaleta Abesbatza lagun. Txartyn de Basterbero elkarteko kide den Aitor Antxia Leturiak, ostera, artxibo lanak egin ditu memoria historikoa berreskuratzeko eta esku-orria gertatu du apaizaren gaineko kontuekin.

Hogeigarren mende hasieran parroko izandakoa ezagutu zuen herritarrik ez dago Aretxabaletan baina Antxiak uste du garrantzitsua dela memoria historikoa berreskuratzea.

Oiartzunen fusilatua

Billabonan jaio zen Jose Joakin Arin Oiarzabal (1875-1936). Seminariora joan eta apaiztu ostean Aretxabaletan egon zen parroko lanetan 1901etik 1911ra. Hemendik Arrasatera bidali zuten eta euskararen aldeko jarduerak bultzatu zituen han abade etxearen behealdean. Arrasateko lehen ikastola sortu zuen bertan, Gasteizko gotzaina zen Mateo Mujikaren babesean. 

 

Euskal zaletasun hori, baina, ez zioten barkatu batzuek eta halako batean, Urraca Pastor hizlari karlista famatuak Portaloi parean ikusi eta paparretik helduta Viva España oihukatzera behartu zuen. Mehatxu egin zion gainera: "Si de mí dependiera ahora mismo serías fusilado". Handik hilabetera, 1936ko urriaren 24tik 25era bitarteko gauean fusilatua izan zen Oiartzungo kanposantuko hormaren kontra Jose Markiegi eta Leonardo Jauregi Arrasateko apaizekin eta Joseba Zeziagarekin batera. Guztira 14 apaiz fusilatu zituzten frankistek.

 

Antxiak gaineratu du eskuorri horretan Leintz bailarako apaizek kofradia sortu zutela orain dela 400 urte laguntzak, mezak, hiletak… antolatzeko. Kofradiako 1937ko zerrendan Jose Joakin Arinen izenaren alboan asesinado berba agertzen da eskuz idatzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak