Herriko kulturaren gaineko hausnarketa aurrera doa

Mirari Altube Arrese 2009ko eka. 19a, 12:19
Kultura Plana apirilean jarri zuen abian Udalak eta oraindik lanean jarraitzen dute Elhuyar Aholkularitzak bideratuta. Plan hori egiteko herritarren laguntza eskatu zuen eta oraintsu arte jardun dute lanean hainbatek. Behin lana bukatuta Udalari dagokio ekarpenak aztertu eta proposamen zehatzak egitea.

Kultura Planaren helburua da Aretxabaletako bizitza eta dinamika kulturalaren inguruko hausnarketa egitea eta kultura mailako etorkizuneko ildoak definitzea. Eta lan hori herritarren partehartzean oinarrituta egin gura izan du Udalak.

Horretarako lau talde osatu zituzten: hiru adinaren arabera –16-20 urte, 20-55 urte artekoak eta 55 urtetik gorakoak– eta laugarrena, herriko taldeetako ordezkariekin osatuta. Hala, 55 lagunek hartu dute parte. Talde bakoitzak bi saio egin ditu. Lehenengo saioan, atzera begiratu eta herriko kulturaren egoera eta bilakaera aztertu dute. Bigarrenean, ostera, etorkizunerako proposamenak egin dituzte. 


Lantalde horietan landutakoa txosten batean jasotzen dabil orain Elhuyar Aholkularitza. Txosten horretan oinarrituta, beste saio bat egingo du Udaleko ordezkari politikoekin eta teknikariekin. Saio hori egindakoan, behin behineko ondorioak aterako ditu Udalak, herritarrei aurkezteko.

Aurkezpena, uztailaren 9an

Uztailaren 9an aurkeztuko du egindako lana Udalak, Arkupen, eta prozesuan parte hartu duten guztiak daude gonbidatuta azken saio horretara. Udalak behin behineko ondorioen eta erabakien berri emango du, eta herritarrek euren iritziak konpartitu ahal izango dituzte. Elkarri entzutea, xehetasunetan sakontzea eta eman behar diren argibideak ematea da saio horren helburua, Elhuyarren esanetan.

Prozesua bukatzeko, behin betiko erabakiak hartuko ditu Udalak eta herritarrei helaraziko dizkie gero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak