Herriko akordeoilariak ederto ibili dira aurten ere Arrasateko txapelketan

Mirian Biteri 2008ko abenduaren 15a

Azken urteotan ohikoa den moduan, hil hasieran Arrasaten izandako akordeoi txapelketan parte hartu dute herriko akordeoilariek. Guztira, zazpi eta hamazortzi urte bitarteko sei neska-mutil izan dira han.

Gipuzkoako 29. Lehiaketan aretxabaletar bakarra aritu da, senior mailan: Unai Mendikute. Erakustaldi bikainaren ondoren, laugarren postua eskuratu du. Aurretik infantiletan eta junior mailan txapelduna izatea lortu du 18 urteko aretxabaletarrak.

Gainontzeko bost akordeoilariek Gipuzkoako 21. jaialdian parte hartu dute. Hastapenetan hamar urtetik beherakoek jardun dute. Horretan zazpi urte baino ez dituzten Igor eta Mireia Madinabeitia aretxabaletarrak urrezko eta zilarrezko domina, hurrenez hurren, eskuratu dute.

Hamabi urtetik beherakoen artean, zortzi urteko Iker Mendikutek urrezko domina lortu du; hamalau urte baino gutxiagokoetan, berriz, Izar Biainek zilarrezkoa eta Nerea Gaztañagak brontzezkoa eraman dute etxera. Biain oñatiarra da baina Juanjo Orobengoa du akordeoi irakaslea. Gainontzeko biak herrikoak dira. Orobengoa eta txapelketan izan diren akordeoilariak pozik daude lortutako emaitzekin. Ikasturtea ilusio handiz prestatzeko animua ematen diela diote.

Gabonetako kontzertua zapatuan

Akordeoilari horiek zapatuan, hilak 20, zuzenean entzuteko aukera izango dute herritarrek, Aretxabaletako Akordeoi Orkestrak parrokian emango duen Gabonetako kontzertuan. Emanaldia 20:30ean hasiko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak