Herri barruko ibilbidea egingo du Loramendik zapatuan

'Atxabalta len eta oin' izeneko ibilbide historikoa maiatzean aurkeztu eta egin zuen lehenengoz Loramendi Elkarteak. Orain bigarren aldiz egingo du gidarien laguntzarekin. Bestalde, gaur batzar orokorra egingo du Loramendi Elkarteak udaletxe zaharrean (19:00).

Toponimia proiektua garatzen hasi da Loramendi Elkartea  eta herriko ibilbide batzuk gertatzen dabil. Herri barrukoa da egindako lehenengoa eta maiatzean, Euskerien Egunean, aurkeztu eta egin zuten gidarien laguntzarekin. Orduan egiterik izan ez zutenek bigarren aukera daukate zapatuan. Plaza azpian dagoen 82 kilometroan dute hitzordua (10:00) eta herriaren gainean adituak diren gidariak izango dituzte lagun. Kanposantu ingururaino joango dira lehenengo sasoi bateko kontuak gogoan hartuta eta gero Errotabarri baserriraino igo; bertan errotak zelan egiten zuen lan erakutsiko diete.

Ibilbide horren gaineko liburuxka egin du, gainera, Loramendik, eta joan zen astean bazkideei banatu zien. Baten batek interesa izanez gero jo dezala udaletxe zaharrera.

Batzar orokorra gaur

Ohiko batzar orokorra egingo du Loramendi Elkarteak gaur, hilak 10, udaletxe zaharrean (19:00). 450 bat bazkide ditu elkarteak eta guztiek jaso dute gonbidapena etxean.

Jarduerak eta diru kontuak izango dituzte berbagai batzarrean; batetik iazkoen berrikuspena egingo dute, eta bestetik, aurtengoak aurkeztu. Bazkideen galderendako tartea ere utziko dute bukaeran. Hala, azken urtean izandako aldaketen berri bertatik bertara jaso gura duten bazkideek aparteko aukera daukate gaur.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.