Udala ez dela demokratikoa esan dute: "Herriaren borondatea ez duelako islatzen, ezin izan dugulako herritarren bozek emandako postua hartu". Hautetsi erabat zilegiak direla errepikatu zuten: "Hartarako zilegitasuna herriak ematen digulako". Eta ezin dela ahaztu esan dute, bozka gehien lortutako zerrenda izan zela. Aralarren hasierako jarrerak sortutako itxaropena hilabete gutxira atsekabe eta mesfidantza bihurtu zirela argitu dute. Era berean, onartu dute harremanak ez direla guztiz hautsi, Inaxio Garroren aldetik jarraitzeko borondatea egon dela eta partehartzea gauzatzeko ahalegina: "Kasu askotan itxurakeria tankera gehiago izan badute ere benetako asmoa baino". Eta adibide batzuk aipatu dituzte, tartean kultura etxearena: "Ez genuen parte hartu kudeaketa eredua erabakitzeko orduan (eredu horrekin ados ez gaudela esan behar), baina lizitaziora ateratzeko pleguaren zirriborroa pasatu ziguten. Guk uste genuena jakinarazi ostean isiltasuna berriro ere, prozesuari buruzko inongo informaziorik ez dugu jaso. Ez jasotzearren, ezta inaugurazio ekitaldirako gonbidapenik ere".
Konponbidea: elkarrizketa
Jarrera horiek guztiak egoera orokorrarekin lotu behar direla esan dute: "Izugarri gogortu dira ezker abertzalearen aurkako erasoak". Eta horren adibidea Ino Galparsororen kartzelaratzea izan dela esan dute.
Erasoaldi horren lehen lerroan EAJ ikusten dutela gaineratu dute: "Garbi adieraziz Madrileko agintariei euren morroi fidelenak direla". EAk eta EBk ere, salbuespenak salbuespen, arazo etiko gutxi izan dutela diote, inkisidoreen alde lerrokatzeko. Espainiar estatuak behin eta berriz ekin diola errepresioaren bideari gaineratu dute: "Bide horretatik inora ez goazela garbi geratu arren". Eta azken urteotan aukera bat baino gehiago izan dela gatazka konpontzeko argitu dute, bazterketarik gabeko elkarrizketa: "Horregatik gure eskubideak eta elkarrizketa politikoaren beharra aldarrikatzen jarraitzeko asmoa dugu inposaketa guztien gainetik".