Haur ikuskizunak, zinema eta musika, urtea amaitu aurretik

Mirian Biteri 2008ko abe. 19a, 13:23
Aurtengo Gabonak ekimen kulturalez josita datoz. Kultura Sailak egitarau potoloa antolatu du datozen egunotarako. Horretan askotariko ekimenak daude, hala nola musika emanaldiak, ikus-entzunezkoa, helduendako zein haurrendako zinema eta ume ikuskizunak. Bestalde, Olentzero, Bizarzuri eta errege kabalgata ez dira ohiko tokitik irtengo; kirol etxetik abiatu beharrean, Iralabarri plazan hasiko dute ibilbidea

Gaurtik domekara bitartean, esaterako, Che, el Argentino filma emango dute Arkupen. Barikuan eta zapatuan 22:00etan hasiko da esandako emanaldia eta domekan, berriz, 19:30ean. Benicio del Toro protagonista duen filma ikusi gura duenak lau euro ordaindu beharko ditu.

Horretaz aparte, bihar, Aretxabaletako akordeoi orkestrak urteroko kontzertua eskainiko du herriko parrokian, 20:30ean. Martitzenean, abenduak 23, Felipe Uriartek Shesheren herrian izeneko ikus-entzunezkoa eskainiko du Arkupen. Hitzordua  19:30ean egina dago.

Gabon gaua 

Gabon egunean, Olentzero eta umeak izango dira protagonista nagusiak. Goizean hasiko dira egun horretako ekimenak. Neska-mutikoak, gurasoak lagun dituztela, Gabon kantuak abestera irtengo dira kalera, 10:30ean. Herriko plazan elkartu eta hainbat kaletan abestuko dute, baita Urats Gain zaharren egoitzan ere. Eguerdian bukatuko dute ekitaldia, mokadutxoa janda herriko plazan.

Arratsaldean, Olentzero iritsiko da herrira. Kultura Sailak aurtengo ibilbidea aldatzea erabaki du, eta, hortaz, kirol etxe zaharretik atera beharrean, Iralabarri plazan hasiko da.

Hona hemen umeek hainbeste maite duten ikazkinak egingo duen ibilaldia: Araba ibilbidetik bueltan Bizkaia kalera joko du; handik Loramendi kalera eta Belorrietara, eta Andramari auzunetik Mitarte kalera. Gero, Durana kaletik herriko plazara igoko da jaiotza agurtzera. Leizarra musika eskolako neska-mutikoek Gabon kantuak abestuko dizkiote.

Gospel kontzertua 

Gospel musika estiloa gustuko dutenek, bestalde, hitzordua dute barikuan, abenduak 26. The Upper Room taldeak emanaldia egingo du Arkupeko Zaraia aretoan, 19:00etan. Ikuskizun horretarako sarrerek zortzi euro balioko dute.

Hurrengo egunean, zapatua, antzerkiaren txanda izango da. Hamar euroren truke, Ohean izeneko antzezlana egongo da ikusgai areto eta ordu berean: Arkupeko Zaraia aretoan, 19:00etan, hain zuzen ere. Domekan, abenduak 28, berriz, haurrek beteko dituzte areto horretako eserlekuak. Teatro Trapero del Rio talde bilbotar ospetsua Urrun erreinua txotxongiloekin izango da han. Sarrerek hiru euro balioko dute.

Haurrendako zinema

Abenduaren 29an eta 30ean haurrentzako zinema egongo da. Lehenengo egunean, Betizu eta urrezko zintzarria, eta bigarrenean, Donkey Xote filmak emango dituzte etxeko txikienendako. Bi ordu jarri dituzte horiek hiru eurogatik ikusi ahal izateko: 16:30ean eta 18:30ean. Film biak euskaraz emango dituzte.

Gabon zahar gauean Bizarzuri izango da herrian, umeek erregeei bidali behar dizkieten eskutitzak jasotzen. Olentzero bezala, Iralabarri plazatik irtengo da, 18:30ean. Baina, betiko moduan, Duranan Otalora kalerantz hartuko du bidea, kuartel zaharrean bukatzeko.

Urtarrilaren 5ean, azkenik, hiru erregeen kabalgata izango da. Olentzeroren ibilbide bera egingo dute horiek, 18:30ean hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak