Lau puntu dira aldatu gura dituenak. Orain arte matrikulatu gura zen umea egotea erroldatuta herrian eskatzen zuten; baina hemendik aurrera, matrikulazio epea baino sei hilabete lehen egotea erroldatuta herrian bai umea, bai gurasoak eskatuko dute.
Eskaerak plaza kopurua gainditzen badu zozketa egin izan dute beti. Orain zozketa egiteko irizpide berriak ezarri dituzte. Hala, gurasoen aurrean idatzitako umeen izen-abizenak zozketarako erabiliko den ontzian sartuko dituzte, eta ondoren umeen izen-abizenak banan-banan atera plaza kopurua bete arte.
Araudi berrian zehaztu dute gurasoek hileko kuota hileko lehen bost egunetan ordaindu beharko dutela, eta ordaindu ezean banketxeko gastuak beregain hartuko dituztela. Eta mediku agiria behar izanez gero bakarrik eskatuko dutela.
Zortzi umetik 100 umera
Pausokak kudeatzen du Udal haur eskola sortu zenetik, 18 urte hain zuzen. Zortzi umerekin hasi ziren lanean Otalora kaleko 27 zenbakiko eraikinean, eta 100 ume dituzte 2007/2008 ikasturtean, Belorrieta auzoko eraikinean.
Matrikulazio kanpaina oraindik zehaztu barik dago, baina otsailean izango da. Pausokako arduradunek badakite gurasoak izena emateko zain daudela, baina lasai egoteko diote: "Baliteke zozketa egin behar izatea hasieran, baina ohikoena da arazorik ez egotea sartzeko. Iaz, gura zuten guztiek izan zuten sartzeko aukera zozketa egin ostean".