Haur Dantzarien Eguna domekan

Mirari Altube Arrese 2010ko mai. 28a, 15:36
Domekan, hilak 30, dantzari gaztetxoekin beteko da herria Haur Dantzarien Eguna ospatzeko. Soraluze (Urrats), Oñati (Oñatz) eta Arrasatetik (Txikitxu eta Lore Gazteak) datozen taldeek gurearekin (Leizarra) egingo dute bat herriko kaleetan dantza erakustaldiak egiteko.

Herriko Plazan elkartuko dira (10:30) Haur Dantzarien Egunean parte hartuko duten neska-mutikoak, 160 inguru –Aretxabaletakoak hiru talde–. Gero taldetan banatu eta herriko hainbat gunetara joko dute erakustaldiak egiteko (11:00): Santa Kurtz kalea, Ilargi plaza, Mitarte plaza eta Durana kalea.


Ondoren Herriko Plazan elkartuko dira guztiak eta alarde txikia egingo dute (12:15). Horretarako Leizarra musika eskolako dantzari guztiak etorriko dira –ez bakarrik erakustaldia egin dutenak– eta plaza bete egingo da 230 bat neska-mutikorekin. Bukatutakoan bazkaltzera joango dira guztiak (13:30), eta kanpotik etorritakoak etxe eta elkarteetan hartuko dituzte.

Arratsaldean alardea egingo dute (17:00) ospakizuna bukatzeko; baina aurretik merienda jasoko dute dantzariek.

Hemendik aurrera maiatzean

Urte askoan Loramendi Dantza Taldearen ardurapean egon dira herriko dantzariak, eta orain, Leizarra musika eskolak hartu du haren lekukoa. Horregatik Leizarra Dantza Taldea izango dute izena hemendik aurrera. Iaz ez zen egin haur dantzarien egunik gurean eta musika eskolako hainbat gurasok eskatu dute jarraipena ematea horri. Guraso horiek gertu azaldu dira laguntzeko eta hainbat konpromiso hartzeko. 


Hala bada, musika eskolak erabaki du aurrera egitea eta ospakizun hori ikasturteko egitarauan sartzea. Horregatik irailean beharrean maiatz inguruan egingo dute hemendik aurrera Haur Dantzarien Eguna, ikasturte bukaeran. Dantzan dabiltzanen artetik hiru taldek bakarrik hartuko dute parte haurren egunetan eta laster joango dira Soraluzera (ekainak 6), Arrasatera (ekainak 20) eta Oñatira (irailak 19).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak