Hasi dituzte Herriko Plazako lanak

Mirari Altube Arrese 2008ko martxoaren 28a

Martitzenean, martxoak 25, hasi zituzten Herriko Plaza berritzeko lanak. Arrasateko Aikia eta Besaide enpresek osatutako aldi baterako elkartea hautatu zuen Udalak lanok egiteko, eta langileak hasi dira hesia jarri eta gainerako prestaketak egiten. Atzerapenarekin hasi dira; izan ere, baimen eskaera eta paper kontuek hilabete atzeratu dute lanen hasiera. Hortaz, ezustekorik ez bada, behintzat, urrian izango dugu gertu berritutako plaza.

Plazaren inguru guztia itxi dute hesiarekin, eta eliza aurreko eskailerak ere itxi egingo dituzte, honezkero itxita ez badaude. Lehenengo lana zuhaitzak botatzea da, zortzi platanondoak hain zuzen. Horretarako makina handia sartu behar dute, eta, seguru asko, plaza barrenean dagoen harrizko pergola bota beharko dute aurretik. Ondoren saneamendu hodiak aldatuko dituzte, eta bukatzeko itxura berria emango diote plazari. Lanok aurrera doazen heinean plazara igotzeko dauden bi eskailerak –eliza aurrekoa eta Durana kalekoa– itxi egingo dituzte, eta behin-behineko beste eskailera batzuk jarriko dituzte. Santa Kurtz kalekoak, ostera, ez dituzte kenduko.


Itxura guztiz berria
Zazpi hilabete iraungo duten lanak bukatutakoan itxura guztiz berria izango du Herriko Plazak. Udaleko Hirigintza Sailetik adierazi dute irisgarritasunari eman diotela lehentasuna proiektuaren diseinua egiterakoan, eta funtzionala izatea dela helburua.
Durana kaletik igotzeko eskailera bakarra jarriko dute, eta ez bi, orain dauden moduan. Erdian egongo da eskailera, eta bi alboetatik bost metro izango dituzten arrapalak egingo dizkiote. Eliza aurrera ematen duen arkupe inguruak begiratoki itxura izango du, eta arkupeko arkuak ez dituzte kenduko –barruko arkuak bakarrik–. Arrapalek 10 metro jango diote orain dagoen plazari; hortaz, txikiagoa izango da. Eta bukatzeko zuhaitzak landatuko dituzte, bertako zuhaitzak, baina oraindik ez dute erabaki zein motatakoak. Gainera, plaza eta arkupeak altuera berean egongo dira.

Bizilagunen iradokizunak
Proiektua onartu aurretik bizilagunei erakutsi zien Udalak, eta hainbat iradokizun aurkeztu zituzten. Gura zuten platanondoak mantentzea, balio historikoa dutela esanda. Irisgarritasunari eman diotela lehentasuna erantzun die Udalak, eta zuhaitzok eragotzi egiten dutela behar bezalako arrapalak egitea. Beste leku batera eroateak, ostera, "kostu handia" dakar eta "bizirik iraungo duten ziurtasunik ez". Bestalde, Santa Kurtz kalearen eta plazaren artean arrapalak jartzea proposatu zuten. Oso gaitza dela erantzun diete Hirigintza Sailetik, 1,80 metroko aldea dagoenez 31 metroko arrapalak egin beharko liratekeelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak