Langabeendako ziren sei lanpostu horiek. Peoi posturako 157 lagunek eman zuten izena, eta ofizial izateko 64k. Udalak, baina, aretxabaletarra izatea jarri zuen lehentasunen artean eta horien curriculumak bakarrik begiratu ditu hautaketa egiteko. Postuetara aurkeztutako langabeen perfilaren berri eman digu Argiñe Larrea Enplegu Garapen teknikariak: "Batez ere gizonezkoak dira aurkeztutakoak, 40 eta 50 urte artekoak eta urtebete eta bi urte artean daramatzate langabezian. Oinarrizko ikasketak dituzte eta asko familia buruak dira, gainera". Larrearen esanetan horietako asko Fagorren ibili dira lanean hainbat urtetan eta krisiarekin lan barik geratutakoak dira.
Jardun osoz egingo dute lan hiru hilabetean eta bi zeregin izango dituzte: batetik, kale bazterrak egokitzea: ur saneamendu sareen mantenu lanak; espaloi, lorategi eta gainerako gune publikoen txukuntze lanak; ataripeen garbiketak…; eta bestetik, landa eremuak zaindu eta mantentzea: Udalaren bide eta landak berreskuratu, txukundu eta zaindu; landa inguruetako eta baserrietarako hodi eta arekak garbitu…
Lehen lanpostuak
Udalak aurten abian jarritako Enplegu Planak bideratutako lehen lanpostuak dira, baina gehiago ere sortu gura dituzte. Horretarako Enplegu Garapen teknikariak izango du herriko errekurtsoak aztertu eta jarduera ekonomiko berriak identifikatzeko ardura.