Urria eta azaroa bitartean zeuden aurreikusita kirol etxearen eraiste lanak, baina udazken euritsuak atzeratu egin zituen lanok. Izan ere, amiantoa zuen uralitazko xaflekin eginda zegoen sabaia eta xafla horiek ezin dira kendu euriarekin. Hala, botatze lanak uste baino luzeago joan dira gaika kendu behar dituztelako materialak: egurra batetik, burdina bestetik, porlana txikitu... Otsail erdirako bukatuko dituzte botatze lanak eta eraikitzen hasteko moduko orubea egongo da.
Proiektua onartzear
Kirol etxe berria egiteko proiektua oraindik onartu barik dago. Arrazoia da aurretik 2009ko Udal aurrekontua onartu beharra daukala udalbatzak. Behin hori onartutakoan, proiektua aurkeztuko du osoko bilkuran eta onartuz gero, eraikitze lanak egiteko oinarriak onartu eta argitaratuko ditu.
2006ko udaberrian ideien lehiaketa deia egin zuen Udalak kirol etxean zer egin zitekeen jakiteko. 19 lan jaso zituzten eta guztiak ondo aztertu ostean, Donostiako Asier Akuriola eta Gasteizko Fernando Bajo arkitektoek aurkeztutako ideia aukeratu zuten. Hona proposatutakoa: beheko solairuan harrera gela, administrazioa eta erabilera anitzeko gimnasioa. Solairu bat beherago, kantxa handia, trinketa eta rokodromoa. Lehenengo solairuan fitness gela eta harmailak. Bigarren solairua makinen gela eta hirugarrenean, hiru igerileku (barrukoak). Handienak zazpi kale izango lituzke eta beste biak txikiagoak. Gainera, pasabide batek igerilekutik kanpora ateratzeko aukera eskainiko luke. Bestalde, kanpoaldean, gaur egun berdegune handia dagoen tokian, tenisean jokatzeko kantxa bi, padelean egiteko beste bi eta futbolean jarduteko zelai txikia aurreikusi zuten.
Ideia hartan oinarritutako proiektua egin zuten gero arkitektoek eta onartu gura dutena horixe izango da, nahiz eta aldaketa txiki batzuk egin gero: spa-bainuetxea bultzatu eta kantxa auditorium erara ere erabiltzeko gertatu.