Etxebizitza tasatuen gaineko hitzarmena aldatzea gura zuen Udal gobernuak astelehenean egindako osoko bilkuran. Bruesa enpresa eraikitzailea eta Udalaren arteko hitzarmena da, eta hutsik dauden etxebizitzok zozketatzeko sinatu behar dute. Astelehenean, baina, oraindik adostu barik zuten; izan ere, prezioaren kontuarekin ez zetozen bat bi aldeak. Hala jakinarazi zien alkateak udalbatzako gainerako kideei, eta gaia Hirigintza batzordean aztertzekotan geratu ziren.
2007ko modulua aplikatzeko
Deba ibaiaren beste aldean tasatutako 185 etxebizitza egitea adostu zuen Udalak bere garaian, eta 2004ko abenduan egin zuten zozketa. Orduan etxebizitza guztiak banatu zituzten, eta itxaron zerrenda egin. Denborak aurrera egin ahala herritarrak atzera bota dira, eta 15 etxebizitza daude hutsik. Horregatik, zozketa egingo dute berriro, hitzarmena sinatutakoan, eta prezioa da adostu beharrekoa. 2004an zozketatutako etxeei 2006an ezarritako modulua aplikatu zieten prezioa finkatzeko –orduan hasi zirelako jabeak ordaintzen–. Udalak gura du prezio hori mantentzea, baina Bruesa ez dago ados. Alkateak astelehenean, osoko bilkura aurretik, jasotako erantzunean zera zioen Bruesak: bigarren zozketa egiterakoan modulu berria aplikatu behar dela, hau da, 2007koa. Gainera, diferentzia ez dela handia %2,47koa bakarrik.
Inaxio Garro alkatearen esanetan orain dela lau urte egindako hitzarmenaren "interpretazioan" dago arazoa. Hala ere, alde biak daude ados lehenbailehen konpondu behar dela desadostasuna, 15 etxebizitzek jabea izan dezaten.
Babes ofizialeko etxebizitzak
Bestalde, Deba ibaiaren beste aldean babes ofizialeko etxebizitzak ere egingo dituzte, 100 guztira. Horien zozketa laster egingo dutelakoan dago alkatea, baina aurretik hitzarmena sinatu behar du Udalak Eusko Jaurlaritzarekin. Aretxabaletan erroldatutakoek lehentasuna izatea gura du Udalak.