Hamabost emanaldi izango dira Kurtzebarri eskolako Antzerki Astean

Leire Kortabarria 2007ko otsailaren 5a

Ohitura den moduan, Antzerki Astea ospatuko dute Kurtzebarri eskolan gaur, astelehena, hasi eta egubakoitzera, otsailaren 9ra, bitartean. Urtero bezala, egunero bi emanaldi egingo dituzte, bata 15:00etan, ikasleendako, eta bestea 18:00etan, gurasoendako. Aurten, gainera, 5. eta 6. mailakoek bertsoak egingo dituzte egunero.

Egitaraua

Antzerki Asteko lehenengo emanaldiak gaur, astelehena, izango dira: 3. eta 4. mailakoek Zazpi antxumeak izeneko bertso-antzerkia, Mari Errauskin txotxongilo saioa eta ipuin kontaketa emanaldia egingo dituzte, eta 5. eta 6. mailako ikasleek, Udaberriko antzerkia izenekoa eta dantza emanaldia.

Etzi, eguaztena, txikienen, 1. eta 2. mailako ikasleen txanda iritsiko da. Eurek hasiko dute ikuskizuna, Txorimaloa izeneko antzezlana eskainiaz. Segidan, 3. eta 4. mailako ikasleek abesti eta dantza emanaldia, lehenengo, eta Zazpi anaiak izeneko antzerki emanaldia, gero, egingo dituzte. Txikienek itxiko dute ikuskizuna, ipuinak kontatuz.

Eguenean, otsailak 8, 5. eta 6. mailako neska-mutikoek fotonobela antzeztuko dute lehenengo. Eguneko hurrengo bost emanaldietan, 1. eta 2. mailako ikasleak izango dira protagonista: lehenengo, dantza saioa eskainiko dute; gero, Hamelingo txirularia izeneko antzezlana; abesti emanaldia egingo dute segidan; Satorra txotxongilo saioa, eta bukatzeko, dantza emanaldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak