Aretxabaleta: Gurutze-bidea, otoitzaldiak eta elizkizun asko egunotan

Mirari Altube Arrese 2009ko apirilaren 8a

Bihar hasi eta domekara bitartean Aste Santua ospatuko dute herriko kristauek, eta, urtero legez, otoitzari eskainitako tarteak gertatu ditu Leintz Pastoral Barrutiak.

Bakarkako aitortzak eginda hasiko dute Ostegun Santua (11:00-12:00) eta arratsaldean Jaunaren azken afariko eukaristia izango dute, lehenengo agustindar mojen monasterioan (18:00) eta gero parrokian (19:00). Eta eguna bukatzeko otoitzaldia egingo dute monasterioan (21:30).

Ostiral Santuan gorespenak izango dituzte monasterioan (09:00) eta gero gurutze-bidea egingo dute parrokiatik Izurietako elizara (11:00). Jaunaren nekaldiko ospakizunak izango dira arratsaldean monasterioan (16:00) eta parrokian (17:30). Zapatuan, Pazko Gaubeila ospatuko dute bi elizetan (21:00), eta parrokian, gainera, umeak bataiatuko dituzte.
Eta domekan, lehen eukaristia (09:00) monasterioan izango da eta Pazko-domekako meza nagusia, parrokian (11:30).

Auzoetan ez da elizkizunik

Auzoetan ez da izango elizkizunik Ostegun eta Ostiral Santu egunetan. Pazko-domekan, ostera, bai; apirileko domeka guztietan legez, Goroeta auzoko parrokian esango dute meza, 12:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak