Greban daude Aluminios de Precisión-eko langileak

Goiatz Arana Begiristain 2007ko urriaren 10a

Greba hasi zuten astelehenean Aretxabaletako Aluminios de Precisioneko langileek. Zuzendaritzak enpresa Burgosera eramateko hartutako erabakiaren aurrean, adostutako indemnizazioak jasoko dituztela ziurtatu gura dute langileek.

Aluminios de Precision Burgosera eramateko erabakia hartua du enpresako zuzendaritzak eta, horretarako, itxi egin behar ditu Aretxabaletako bi plantak: martxoaren 15erako ekoizpenarena, eta uztailerako bidalketena. Lantegiak Burgosen funtzionatuko du, beraz, aurrerantzean %100ean eta, horren aurrean, hara joateko aukera eskaini die enpresak langileei. Egun Aretxabaletan diharduten 60 bat lagunetatik dozena batek onartu du eskaintza; hemengo baldintza berdinak izango dituzte han, eta etxebizitza erostekotan Burgosko aurrezki kutxak finantzatuko die %5a. Txandako lan kontratuarekin joango dira hiru, eta horiei bizitokia ordainduko die enpresak, jubilatu bitartean.

Enpresaren proposamenari ezetza

Langabezian geratuko dira Burgosera joango ez direnak. Horiei guztiei lan egindako urte bakoitzeko 45 egun ordaintzea adostu dute zuzendaritzak eta enpresa batzordeak. Diru hori jasoko dutela bermatzen duen banku-abala eskatu dute langileek, baina horren lekuan zor agiria proposatu du enpresak. Langileen ezezkoaren aurrean, proposamen berri bat egin die zuzendaritzak. Horren arabera, Burgosko enpresan akzioak dituzten Joserolek, Burgosko aurrezki kutxak eta Jospisa enpresa eraikitzaileak emango liekete abala. Proposamen berri hori aztertzen jardun zuten langileek atzo egunean zehar, baina azkenean ez dute onartu, euren abokatuek bideragarritasunik ikusten ez diotelako. Hala eman digute aditzera enpresa batzordean gehiengoa duen CCOO sindikatutik eta, gauzak horrela, greban jarraituko dutela gaineratu dute.
 
Zuzendaritzatik, bestalde, sindikatuekin negoziazioetan jarraitzen dutela besterik ez digute esan nahi izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak