"Etsai oso gogorra izango dugu aurrez aurre domekan", adierazi du UDAko entrenatzaile Igor Gordobilek. "Esperientzia handiko jendea dute Hernanin. Oso onak diren lauzpabost jokalari ditu taldeak, hirugarren mailatik jaitsitakoak".
Domekako norgehiagoka ikustekoa izango da. Aretxabaleta sailkapeneko liderra da 49 punturekin eta bigarren postuan dagoen Hernaniko taldearen bisita izango du aste bukaeran. "Lidergoa defendatzea anekdotikoa da uneotan guretako", esan du Gordobilek. "Arro gaude orain arte egindako lanarekin, baina domekako helburua gure betebeharra ondo egitea izango da emaitzarekin obsesionatu gabe. Argi daukagu nor izango dugun aurrez aurre, eta burua hotz daukagu".
Lan gogorra asteon
Astea oso gogorra izan dela adierazi du Gordobilek. "Entrenamendu saioak oso zorrotzak izan dira asteon, eta jokalari guztiak buru belarri aritu dira lanean". Entrenatzaileak ezingo ditu guztiak deialdian sartu eta bi kanpoan utzi beharko ditu. "Oso erabaki gogorra da niretako", esan du Gordobilek. "Oso lan exijentea egin dugu aste honetan eta denek merezi dute jokatzea, baina nire ustez onenak direnak aukeratu behar ditut eta asmatzea espero dut".
Aurkariari aurre egitea helburu
Aretxabaletakoek orain arteko lan ildotik jarraitzea izango dute helburu domekan. "Betiko moduan gu gure lana egitera irtengo gara zelaira", esan du Gordobilek, "aurkariari aurre egitera".
Azaroaren 11n jokatu zuten joaneko partidua bi taldeek eta Hernaniko futbol zelaian jokatutako norgehiagokan 3-0koa egin zion Hernanik Aretxabaletari. Orain, ordea, egoera beste bat da. Taulako lehenengo postuan egotea egindako lanaren ordaina bada ere, ezin ukatu motibazio berezia ematen duenik.
Jokatutako azken lau partiduak irabazi egin ditu Aretxabaletak, eta bosgarren garaipenaren bila irtengo dira domekan. Zalantzarik gabe norgehiagoka interesgarria izango da jarraitzaileendako. Lehia 16:30ean hasiko da Aretxabaletako Ibarra futbol zelaian.