Golik ezin sartuta husna egin du UDAk

Mirari Altube Arrese 2010ko api. 25a, 23:41
Derrigorrez irabazi gura zuen Aretxabaletak gaur jokatutako partidua mailari eusteko, baina Portugaletek ere hiru puntuak eskuratu gura zituen bigarren postuari eusteko, izan ere, Errege Kopa jokatzeko aukera izango luke horrela. Hala bada, partidu bizia eta erritmo handiko jokatu dute bi taldeek baina golik ez bukaeran (0-0).

Urduri zelairatu dira Igor Gordobilen mutilak, irabazi beharraren ardura bizkargainean hartuta. Eta zelaian kokatzea kosta egin zaie lehen minutuetan. Erritmo handia jarri dute bi taldeek zelaian, eta baloia geratu barik izan da jokoan uneoro; baina aparteko aukerarik ez ateen aurrean. 28. minutuan aukera polita izan du Portugaletek baina Gaizka atezaina argi ibili da eta arazo barik urrundu du. 32. minutuan aretxabaletarrek ere izan dute aukera baina Gillen area barruan nahastu egin da eta baloia ezin izan du inorengana bideratu. Lehen zatiko azken minutuetan presio handia egin du Portugaletek eta kontraerasoan egindako jokaldi polita ere bai, baina area txikian ez dute asmatu eta ez da golik iritsi.

Aukerak ezin aprobetxatu

Bigarren zatian aldaketa egin du Gordobilek eta dagoeneko txartel horia zeukan Iban Astola kapitaina ez du zelairatu. Haren ordez, Raul atera du eta eskuman kokatu; erdira, ostera, Kerman ekarri du. Portugaletek izan du bigarren zatiko lehen aukera 52. minutuan, baina defentsa aretxabaletarrak argi egon dira eta arazo barik atera dute Gaizkaren ate aurretik. Ondoren, Iker Orueta atera du zelaira Gordobilek Imanolen ordez, eta segituan izan du horrek Portugaleteko atera iristeko aukera, baina ez du asmatu errematatzen. Erasoan atera dira gero Portugaletekoak eta arriskua handia izan arren UDAko atean Gaizkak kanpora bidali du baloia. Azken hamabost minutuetan behin eta berriz saiatu dira aretxabaletarrak gola egiten, baina ezin. Luzapeneko hiru minutuetan bi aukera ezin hobeak izan dituzte eta Oinatz borrokan ibili da atezainarekin. Azkenean, baina, husnako emaitzarekin bukatu behar. 


Behin partidua bukatuta zaleak, bai alde batekoak, bai bestekoak, asko berotu dira eta elkarri isekaka jardun dute behin eta berriro. Eta Azpilikueta epaileari paperaz egindako pilota jaurti diote harmailatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak