UDAkoek bazekiten partidu gogorra izango zela Gobela futbol zelaian, tartean orain arte gol gehien sartu dituen jokalaria dutelako –Marti, sei golekin–. Hori horrela, lehenengo zatian gogotsu atera ziren eta aretxabaletarrak izan ziren nagusi zelaian Arenas taldekoak noraezean zebiltzan bitartean. Imanolek aukera ere izan zuen, baina ezin gauzatu.
Bigarren zatiari indartsuago ekin zioten etxekoek eta hainbat gol aukera izan zituzten, 52. minutuan Landerrek eta 62.ean Martik. Etxekoak gola usaintzen hasita zeudenean aretxabaletarrena iritsi zen, 69. minutuan hain zuzen. Jokaldi polita hasi zuen Oruetak, gero Raulek erdiratu, Borjak ukitu eta zelaian hiru minutu zeramatzan Oinatzek bidali zuen sareetara. Handik aurrera emaitzari eustea zen helburua eta halaxe egin zuten, gogotsu borrokatuz eskarmentu handia duten getxotarren aurka. Bigarren gola sartzeko aukera ere izan zuten Gordobilen mutilek azken minutuan. Aipatu behar Eden atezainak jokatu zuela Gaizkaren ordez –ondoezik–, eta benetan lan polita egin zuela.
Egindako lanaren emaitza
Igor Arenaza bigarren entrenatzaileak jokalariek egindako lana goraipatu gura izan zuen partidu bukaeran: "Esfortzu handia egin dute, lan polita, eta ondorioz gura genuen emaitza lortu dugu". Benetan ederto dabiltza UDAkoak hirugarren mailan, zazpigarren jardunaldia jokatu ostean partidu bakarra galdu dutelako –Real Sociedad B-ren aurka–. "Hirugarren mailan gogor borrokatu behar da, baloia asko ibiltzen da goitik eta jardunaldiz jardunaldi egin behar dugu aurrera". Getxokoek bazekiten indar handia duen taldea dela UDA baina ezusteko galanta eman zieten puntuak kenduz.
Domekan Santurtzi
Zazpi jardunaldi jokatu ostean 11 puntu ditu UDAk. Domekan Santurtzi hartuko du Ibarra futbol zelaian. "Etxean irabazi gura dugu orain, zaleen aurrean", esan zuen Arenazak. Ez da partidu samurra izango, Santurtzik ez du egin denboraldi hasiera ona eta puntuak eskuratzea gurako duelako.