PSE:
PSE taldearen arabera, "Aralarrek eta EAk osatu duten gobernuak ez du kudeatu eta ardura biona da". Horren harira, gogorarazi du azkenaldian behin baino gehiagotan eskatu diola Udal Gobernuari "gardentasuna eta kudeatzeko gaitasuna" izan dezala: "Ez dira proiektu berriak egin, aurreko agintaldikoak egiteke zeudenak bakarrik jarri dira abian". Udaleko gaur egungo egoera "zaila" dela onartu badu ere, aretxabaletarren onurako lan egiten jardungo duela azpimarratu du.
Ezker abertzaleak EA eta Aralarrengan larregi eragiten duela dio. Hala, Gobernuaren eraketan ezker abertzaleak bi alderdiak presionatu zituela esan du. Horren harira, honako gomendioa egin die: "Abertzale erradikalen ingurunenganako sentitzen duten loturetatik libratu behar dira".
Ezker batua-berdeak:
Ezker Batua-Berdeak alderdiko Tomas Fernandezek jakinarazi du "ezusteko handia" hartu duela: "Itxura baten behintzat harreman ona zegoen bi alderdien artean. Nire zalantza da zinegotzi mailan hartutako erabakia den edo goitik datorrena. Eta pertsonalki esango nuke datozen hauteskunde autonomikoei begirako estrategia dela, eta goitik datorren erabakia".
Nabarmendu du Udalak gobernu talde indartsua behar duela proiektuak aurrera ateratzeko. Horren harira, gaineratu du Ezker Batua-Berdeak taldeak babesa eskainiko diola ados dauden kontuetan: "Orain arte ere harreman ona izan dugu Udal gobernuarekin, baina egia esan ez dakit zein taldek zeukan indar handiagoa gobernu horretan. Guk erantzukizunez jokatuko dugu orain arte legez, eta proiektuak aurrera atera gura ditugu".
Hautetsi ilegalizatuak
Ilegalizatutako hautetsiei, bestalde, Udal Gobernuaren hausturak ez die "guztiz ustekabean" harrapatu: "Legegintzaldi hasieran Aralar eta EA taldeekin izandako bileretan ikusi genuen hainbat jarrera, elkarlanak lau urte irautea zailtzen zuena". Gobernua hausteko emandako arrazoiak ez dituzte guztiz sinisten. Orain arteko funtzionamendua sakon ezagutzen ez badute ere, "ezkutuko" arrazoiak egon daitezkeela diote.
Etorkizuneko egoerarekin arduratuta daude, aretxabaletarrengan horrek edukiko duen eraginagatik: "Garbi dago egoera erabat ezegonkorra datorrela etorkizun laburrerako behintzat, eta, gainera, konponketa zaila ikusten diogu. Dauden taldeak ikusita eta ezagututa, ez zaigu erraza iruditzen beharrezkoa den egonkortasuna lortzeko bidea".
Ilegalizatutako hautetsien esanetan, ezin da gaurko egoera aztertu Alderdien Legea eta bere eraginak kontutan izan barik: "Ziur gaude aretxabaletarron borondatea errespetatu izan balitz egoera ezberdina izango litzakeela, eta garbi ikusten dugu, sarritan esan dugun moduan, lege horrek ez duela ezker abertzalea bakarrik helburutzat, eta euskal herritar guztion eskubideak urratzen dituela. Kasu honetan Aretxabaletarronak".
EAJ alderdiarekin ere harremanetan jartzen saiatuko gai horren gainean duen iritzia ezagutzeko, baina ez dugu lortu.