Gobernu onerako hitzarmena aurkeztu diete herritarrei

Mirari Altube Arrese 2007ko eka. 21a, 13:50
Joan zen egubakoitzean, ekainak 15, sinatu zuten Aralar, Eusko Abertzale Ekintza eta EAko kideek "Gobernu onerako hitzarmena". Eta orain herritarrei eman gura diete horren berri.

Helburu bakarra dauka hitzarmenak: Aretxabaletak bizi duen egoera zaila gainditu eta Udala herritar guztien ordezkariekin osatzeaz gain, herria normaltasun eta elkarbizitza parametroetan kokatzea. Hortik abiatuta herritarren aldaketa gogoari bide ematea "elkarlanean oinarrituta, eta Aretxabaleta gizarte-eredu iraunkorraren ikuspegitik biziberritzeko gobernu-akordio ezkertiarraren bidez".


Eta hiru oinarri ditu:

- Hauteskundeetan herritarrek adierazitako borondate politikoari Udalean bideratzen saiatzeko konpromisoa, legeak ahalbidetzen dituen bideak erantzukizun sozialarekin erabiliz.

- Herriko elkarbizitzaren eta pertsona guztiekiko errespetuaren alde jokatzeko konpromisoa.

- Euskal Herriak bizi duen gatazka egoera gainditzeko bide politiko eta zibil hutsen aldeko jarrera, elkarrizketaren alde eginez eta indarkeria mota guztiak baztertuta.

Udal gobernua osatzen
Hitzarmena sinatu ostean Aralarko zerrendaburu Inaxio Garrok alkate kargua hartu zuen zapatuan, hiru alderdietako ordezkariek babestuta, batzuk boto bidez, eta beste batzuk hitzaren bidez.
Orain, gobernua osatzeari ekingo diote eta programan akordioak lortzeari. Arduren banaketa eta funtzionatzeko modua  adostuko dituzte gainera, "beti ere, lankidetza, elkarrekiko konfiantza eta herritarren parte-hartzea egitura horren oinarritzat hartuta".

Bestalde, legezko ordezkaritza barik dauden aretxabaletarrek Udalean dagokien ordezkaritza izateko bideak aztertzeari ekingo diotela adierazi zuten, "ahalik eta irtenbide onena aurkitzeko borondate osoz".

Beste alderdiei zabalik

Hiru alderdik sinatu arren hitzarmena beste alderdi batzuei ere zabalik dagoela adierazi zuten elkartutakoek, eta gertu daudela ekarpenak jasotzeko. Datozen asteotan dute horretarako asmoa. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak