Giro polita herrian, San Migel jaietan

Mirari Altube Arrese 2007ko urriaren 1a

Euskal giroa izan da nagusi San Migel jaietan, eta eguraldia lagun, herritarrek gustura hartu dute parte ekitaldietan. Umeek buruhandiak izan dituzte lagun hiru egunetan, eta helduek azoka eta artisau feria, herri kirolak eta beste hainbat kontu.

Zapatu goizak euskal jaien itxura hartu zuen: XIII. produktu biologikoen azoka, artisauen feria, zanpantzarrak, trikitilariak, txalapartariak eta zela ez, Loramendi Euskara Elkarteko kideek egindako taloak goiza pasatzen laguntzeko. Eguerdian plaza bete egin zen bazkaltzeko, eta herri kirol jolasek girotu zieten bazkalostea; baita Donostia kantuz taldeko kideek ere. Gauean, Aukeran dantza taldeak eskaini behar zuen Bideak ikuskizuna bertan behera geratu zen; antza denez arazoak izan zituzten sorgailuarekin.

Domeka gaitariek esnatu zuten, eta Bihurri aizkolariaren eta Goenatxo harri-jasotzailearen taldeak, –tartean neska bi eta zortzi urteko mutikoa aizkoran– girotu zuten eguerdi partea. Mus eta xake txapelketek herritar ugari elkartu zituen plazan arratsaldean, eta ume eta gurasoek Iruñako erraldoien konpartsaren atzetik jardun zuten. Aretxabaleta Abesbatzaren eta Leizarra musika eskolako musikarien emanaldiak eman zien bukaera jaiei.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak