Gaztetxoek txoko berria izango dute jolaserako aste bukaeretan

Irati Agirreazaldegi 2008ko ira. 22a, 17:11
Herriko gaztetxoei aste bukaeretan aisialdi alternatiboa eskaini asmoz Gazte Sailak abian ipini du asteburuon Atxagazte gaztelekua. “Aurrez gaztelekua Iralabarrin zegoen. Bi urtean oso ondo funtzionatu du eta 12-16 urte bitartekoendako alternatiba da; egoteko, ekintzak egiteko eta lagunekin partekatzeko lekua. Iralabarrikoa behin behinekoa zen eta kultur etxe berrira pasatu da gaztelekua. Helburua da gazteei toki alternatiboa eskaintzea aisialdirako”, esan digu Udaleko Gazte Saileko teknikari Maider Etxanizek.

Gaztelekuko begirale Maitane Alegreren esanetan, "herriaren erdi gunean egoteak joko gehiago ematen digu eta jendea gerturatzea errazagoa da".

Egubakoitzean zabaldu zituzten Atxagazteko ateak ofizialki, baina aurrez, pare bat egunez, ezagutzeko aukera izan zuten gaztetxoek. Maider Etxanizen esanetan, "harrera ona izan du. Lokal zaharrean, asteburuetan, 30 gazte ibiltzen ziren batez beste . Espero dugu berrira ere asko etortzea".

Irekiera jaia

Egubakoitzean gazteleku berriaren irekiera jaia egin zuten. Arratsaldean, Kurtzebarriko frontoian gaztetxoak txapak egiten, azala tatuatzen eta graffitiak marrazten ibili ziren bost begiralerekin. Aurrez gaztelekua ezagutzen zutenak batzuk eta izan zen gaztelekura lehen aldiz sartu zenik ere.
Gero, Azkaiter Peloxen kontzertua izan zen Atxagazteko areto nagusian. Txalo eta oihu artean giro polita sortu zen. "Kanpoko ekintzekin batik bat iritsi nahi genuen gaztetxoenengana eta kontzertuarekin nagusitxoagoengana. Erakutsi  nahi dugu gaztelekuan denondako tokia dagoela". esan digu Maider Etxanizek.

Asteburuetan hiru begiralek jardungo dute txandaka. Egubakoitzetan eta domeketan 16:30etik 20:30era egongo da zabalik eta zapatuetan 17:00etatik 21:00etara.

Bi solairu dauzka gaztelekuak, kolore bizidun hormak eta gazteendako egoki gertatutako gelak. Goian, sarreran, bulegoa sukaldea eta mahai-futbola daude. Behean, berriz, egongela, jolasteko zein lasai egoteko; eta hiru gela musika entseguetarako. Maitane Alegre begiraleak inpresio positiboa jaso du gaztelekua ikusita: "Zabala da eta ekintza ezberdin asko egiteko aukera ematen digu horrek. Sukaldeak ere joko asko ematen du. Ekintzetarako eta irteeretarako dirua ateratzeko sukaldean gertatutako jatekoak saltzen ipintzea da gure asmoetariko bat, horrela, gazteak ere gehiago inplikatuko dira", esan digu.

Ekintza batzuk gertu dituzte jadanik: hilabetean behin sukaldaritza saioa egingo dute, urrirako aurreikusita daukate surf ikastaroa eta esku lanak ere egingo dituzte.

Gaztelekuaren babesean, gazteen proposamenak kontuan hartuz aisialdiaz gozatzeko txoko berri bat bada

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak