Gaztendako interesgarria izan daitekeen informazio panel bi jarri dituzte

Mirian Biteri 2009ko mar. 23a, 11:00
Aretxabaletako Gazteria Sailak panel bi jarri ditu herrian gazteendako interesgarria den informazioa jartzeko. Panel horiek udaletxe zaharreko atarian eta Zainduz gimnasioan daude eta lanaren, dirulaguntza deialdien eta lehiaketen berri dakarten albisteak jartzen dituzte.

Gazteria teknikari Maider Etxanizek astero berritzen ditu. Informazioa eta bereziki administrazio arlotik datozen lan eskaintzak eta beka deialdiak jaso eta paneletan jartzeaz arduratzen da.
 
Etxanizen esanetan, deialdi guzti horien artean egunotan badago gazteendako oso interesgarria izan daitekeen deialdi bat: Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa. Horren helburua Euskadiko gazteen artean elkartasunaren balorea sendotzea eta garapenerako ekintzen inguruko sentsibilizazioa sortzea da. Ekintza horiek hegoaldeko herrialdeetan izaten dira uztailetik urrira bitartean, Amerikan, Asian eta Afrikan.

Programa horretan izena emateko epea apirilaren 7a arte dago zabalik. Horren gainean argibide gehiago edo izena eman gura duena, honako helbide elektronikoa sar daiteke: www.gazteaukera.euskadi.net.

Egitasmo horretaz gain, gazteek beste hainbat deialdi topa ditzakete, hala nola, Donostiako Hezkide Eskolak boluntarioen lanaren gaineko oinarrizko ikastaroa antolatu duela, Arrasateko Emakume Txokoan dinamizatzaileak behar dituztela eta Txatxilipurdi aurtengo udalekuetan lan egiteko begiraleak eta sukaldariak bilatzen ari dela.

Txostena liburutegian

Herriko bi panel horietan agertzen den informazioaz gain, beste deialdi eta lan eskaintza batzuk jasotzen dituen txostena liburutegian uzten du gazteria teknikariak. Lan eskaintzei dagokion txostena astero berritzen du eta dirulaguntza eta lehiaketa deialdiei dagokiona, berriz, hilabetean behin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak