Franco ez da ohorezko alkate gurean astelehenetik

Mirari Altube Arrese 2008ko azaroaren 27a

Debagoieneko beste hainbat herritan legez ohorezko alkate zen Francisco Franco gurean ere 1949. urtea ezkero. Astelehenean egindako osoko bilkuran izendapen hori indargabetzea erabaki zuen udalbatzak aho batez.

Ohiko osoko bilkura zen astelehenekoa eta beste gai bat ere izan zuten eztabaidatzeko: administrazioko langile funtzionarioen eta laboralen lan hitzarmena. Eudelek eta sindikatuek –LAB izan ezik– adostuta daukate 2008, 2009 eta 2010ean KPI gehi puntu bateko igoera aplikatzea, eta horixe proposatu zuen alkateak: "Erreferentzia marko bakarra izan beharko litzatekeelako Eudel". PSE-EEko zinegotziak aurka azaldu ziren: "Udal txikien gastuak asko igoko dira eta egoera larrian utzi. KPI bakarrik igotzea ez da soldatak izoztea". EAkoak ere ez ziren alde agertu: "Egoera ekonomikoa okerrera doa eta inguruko lantegiak soldatak izozten edo jaisten pentsatzen dabiltza. Antzeko esfortzua eskatu beharko litzateke". EAJko zinegotzia bat etorri zen egoerarekin baina bakoitzak bere aldetik mahaiak sortzea arriskutsua dela esan zuen. Eta Ezker Batua-Berdeak taldeak aurrera egitea proposatu zuen sindikatuen adostasuna ikusita. Azkenean 2008ko igoera bakarrik bozkatu eta onartu zuten Aralar, EA eta Ezker Batuaren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin.

Eusko Alkartasunaren argiketa

Bestalde galderen tartean gobernu krisia dela-eta agertutako aipamen batzuk argitu gura izan zituen Eusko Alkartasunak. EAko Aretxabaletako batzarrak autonomia osoa duela erabakiak hartzeko esan zuen Edorta Mendietak, eta hori zalantzan jartzea batzarra gutxiestea dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak