Aralarreko hiru zinegotziekin batera osatu dute orain arte Udal gobernua Eusko Alkartasunako bi zinegotziek. Erabakiaren berri emateko egin duten prentsaurrekoan azaldu dutenez, azken urte t'erdian, hau da, agintaldia hasi zenetik, hainbat izan dira gai askoren inguruan bi alderdien arteko iritzi kontrajarriak eta eztabaidak.
Hala, desadostasun handienen artean hiru gai aipatu dituzte batez ere: Udal gobernua kudeatu eta antolatzeko modua eta herritarren partaidetza bultzatzeko ikuspuntuen ezberdintasuna; Plan Orokorrari buruz izandako desadostasunak eta baita Basabe industrialdean egin beharreko birmoldaketaren planteamentu ezberdinak ere. Besteak beste adierazi dute Inazio Garro alkateak ez dituela bere betebeharrak delegatzen, eta ondorioz, askotan zenbait kontu geldi egoten direla.
Eusko Alkartasuneko zinegotziek esan dute, haustura ez dela egun batetik bestera etorri, arazoak aspalditik zetozela gaineratuz. Era berean, adierazi dute orain arte bezala Udaleko batzorde ezberdinean parte hartzen segiko dutela, eta prest agertu dira oposiziotik hemendik aurrerako udal gobernuari laguntzeko.
Inaxio Garro alkatearen adierazpenak
Inaxio Garro alkateak gaur adierazi du ulertu ez arren erabakia
errespetatzen dutela. Onartu du erabaki honen ondorioz udal gobernua
egoera zailean geratzen dela Aretxabaletan baina gaineratu du zailtasun
eta erronka zailei aurre egiteko prest daudela Aralarren.
Garrok onartu du bi alderdiek irizpide ezberdinak agertu dituztela
zenbait gairen inguruan, baina lan harremana ona zela dio. EAk emandako
argudioei aitzakia traza osoa hartzen diote Aralarren. Udaletxeko EAk
hartutako erabakia baino teknokraten batek bere goiko ikuspegitik
hartutakoa dela uste dute.
Udal gobernuan, hiru zinegotzi
Aipatu, momentuz behintzat, gaur egun Aretxabaletako udalbatza osatzen duten hamar zinegotzietatik hiru izango direla Udal gobernuan geratuko direnak, hirurak ere Aralarrekoak.