Euskerien Eguna, euripean

Edu Mendibil 2010eko maiatzaren 15a

Ez dute eguraldia aldeko izan Euskerien Eguna ospatzeko. Hotzari eta euriari aurre egin diote aretxabaletarrek, Loramendi Elkarteak antolatutako ekitaldietan parte hartu zuten gaztetxo eta nagusiek.

Gaztetxoendako jolasak izan dira goizean, tailerrak ere bai, eta nagusiek, aldiz, Atxabalta len ta oin izenburuko ibilaldia egin dute, Loramendiko Kultur Sorkuntzarako toponimia taldeek gidatuta. Bi ordu pasatxo iraun du ibilaldiak, eta behin baino gehiagotan ireki behar izan dute guardasola partaideek. Argazkiekin eta testuekin lagundutako programa dotorea atera dute Loramendikoek ibilaldirako eta parte hartzaileak (30 inguru) oso gustura geratu dira ikusitakoarekin eta jasotako azalpenekin: Arratabe jauregia, Santutxuko ermita, Mojen komentua, San Martin auzoa eta beste hainbat toki bisitatu dituzte.

Ibilaldia amaitu aurretik, Arelarre antzerki taldeko gaztetxoek Tangaladanba antzezlana eskaini dute pilotalekuan. Ikusle mordo bat batu da han, antzezleen gurasoak tartean. Mikrofonoen falta sumatu dugu, ez baitzen erraza gertatzen aktoreek esaten zutena entzutea. Goizean zehar trikitilariak ibili dira kalez kale giroa alaitzen eta eguerdi aldera Basotxo erretiratuen elkarteko abesbatzak hiruzpalau abesti eskaini ditu plazan, luntxa aurretik. Fin aritu dira erretiratuak kantuan, Jose Luis Errastiren zuzendaritzapean. Jarraian, euria hasi da berriro, baina horren errudun ez dira kantariak izan, inola ere. Halako egun aldrebesa tokatu da gaur Euskerien Eguna ospatzeko. Joango dira ostarteak zabaltzen Loramendi elkartearen ibilbide berrian. Inazio Garro alkatea ere hurbildu da plazara. Ezkontza zuen, baina ez du Loramendiko ordezkariak agurtzeko aukera galdu.

Eguerdian 150 lagun inguru batu dira plazan egindako bazkarian. Menua, entsalada, okela gisatua eta postrerako, ijito besoa. Ordurako eguraldiak zertxobait egin du hobera eta giroa berotzen joan da arratsaldeko ekitaldietan. Antolatzaileak, Loramendiko kideak, pozik egunak emandakoarekin. Baita Hiruatxekoak, bidezko merkataritza postuek goizean izandako harreragatik .

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak