Etxerik etxeko zerbitzua emateko hiru enpresa aurkeztu dira

Mirari Altube Arrese 2009ko aza. 20a, 12:39
Udalak lehiaketa deitu zuen etxerik etxeko zerbitzua esleitzeko. Eguaztenean, azaroak 18, bukatu zen eskaerak aurkezteko epea eta hiru enpresen eskaintzak jaso dituzte udaletxean: Gizadi, Eulen eta Bizitzen fundazioa. Bestalde, orain arte Gizadirendako lan egin duten langileak hitzarmen duina eskatzen dabiltza.

Datorren astelehenean zabalduko dituzte hiru enpresek aurkeztutako agiriak. Hiru lagunek aztertu eta txostena osatuko dute eta gero diru eskaintza zabalduko dute. Abenduan egingo duten osoko bilkuran esleituko dizkiete lanok enpresa bati.


Zerbitzua ematen, ostera, 2010eko urtarrilaren 1ean hasiko da eta 2014ko abenduaren 31 arte iraungo du kontratuak. Udalak onartutako oinarrietan 18,07 eurotan zehaztu du etxerik etxeko arreta ordua eta eskaintzak egindako enpresek prezio hori hobetu beharko dute. Etxerik etxeko zerbitzu barruan bi eratako laguntza eskaintzen dute: batetik, laguntza pertsonala –norberaren garbitasuna, kalera joateko laguntza…– eta bestetik, etxerako laguntza –etxeko garbitasunak, bazkaria gertatu…–.

Hitzarmen duina eske

Azken urteotan Arrasateko Gizadi enpresak eman du zerbitzu hori Aretxabaletan eta 20 bat langile dabiltza. Udalak edozein enpresa hartuta ere orain, langile horiek guztiak jaso beharko ditu zerbitzua emateko.

Aipatutako langile horiek elkarretaratzea egin zuten joan zen zapatuan Durana kalean hitzarmen duina eskatzeko. ELAk bat egin du langileen eskaerekin eta jakinarazi zuen "azpikontratatutako langileak direnez ez daukatela ez konbeniorik, ezta akordiorik ere". Aste honetan negoziaketekin jarraitzekotan zegoen ELA, baina akordiorik lortu ezean berriro egingo dutela elkarretaratzea zapatu goizean jakinarazi zuten. Ez hori bakarrik, hilaren 30etik aurrera greba egiteko ere gertu daude langileak. Hala ere, ELAk esan du akordioa lortzeko jarrera dutela.


Langileendako garrantzitsua da hitzarmen duin bat lortzea orain, nahiz eta zerbitzua esleitzeko egon. Izan ere, orain lortutakoa eta adostutakoa derrigorrez onartu beharko du gero datorren enpresak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak