Etxekoak nagusi trialsin txapelketako laugarren proban

Mirari Altube Arrese 2008ko mar. 13a, 12:05
Porrukotxara baso inguruan jokatu zuten Gipuzkoako trialsin txapelketako laugarren proba domekan. Lokatza zegoen, baina etxekoak bikain ibili ziren, eta lehen postuak eskuratu zituzten junior, haur eta kimuen mailetan. Txapelketako azken proba domekan, martxoak 16, jokatuko dute Urretxun.

Eguraldi narrasa egin zuen joan zen domekan, martxoak 9, eta lokatza pilatu zen Porrukotxara inguruan. Hala, larri ibili ziren trialsinlariak euren lana behar bezala egiteko, eta bizikleta eta guzti jausi ziren batzuk ahalegin horretan. Euriaren erruz beste urte batzuetan baino neska-mutiko gutxiago ausartu ziren proban parte hartzera. Iaz 68 lagunek jardun zuten, eta aurten, 40 izan dira. Hala ere, herritar ugari hurreratu zen trialsinlarien lana ikustera. 

Eguraldia eguraldi norberak erakutsi behar du egiteko gai dena, eta halaxe erakutsi zuten aretxabaletarrek. Gipuzkoako txapelketa jokatzen dabiltzan hirurek lehen postua lortu zuten: Markel Uriartek, junior mailan; Aitor Muruak, haurretan; eta Unai Zunzunegik, kimuetan. 10 urtetik behera dituzten guztiak benjaminen mailan sartzen dituzte, eta Itziar Murua hirugarren postuan geratu zen. Eta sei urte bakarrik dituen anaia Mikel bederatzigarrena izan zen. Elite mailan, ostera, Iker Lezeta donostiarra nagusitu zen Diego Barrio eta Alberto Gomezen aurretik.

Azken proba, domekan
Gipuzkoako txapelketa bukatzeko proba bakarra geratzen zaie trialsinlariei. Hain zuzen domekan, hilak 16, jokatuko dute Urretxun. Kontuak asko ez badira okertzen behintzat, sailkapeneko postuak nahiko erabakita daude, eta aretxabaletarrak lehenengo geratuko dira junior mailan, haurretan eta kimuetan. Itziar eta Mikel ere saiatuko dira lan polita egiten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak