Etxebizitza tasatuen zozketa berririk ez dute luzaroan egingo

Jon Berezibar 2007ko martxoaren 5a

Eguzkienea promozioko etxebizitzak direla-eta, hainbat etxebizitza tasatu hutsik gelditu direnaren zurrumurrua zabaldu da herrian. Azalpen bila eraikuntza enpresara jo eta Bruesak onartu du etxebizitza tasatua tokatu zitzaien bakanetako batzuk atzera botatzekotan daudela, baina ez du kopururik eman.

Udalak, bestalde, jakinarazi digu Apotzagaetxebarri ingurunean egin beharreko etxebizitza guztiek lanak egiteko lizentzia eduki artean, ez duela bestelako zozketarik egingo. Horrek luze jo dezakeela argitu zuten.
"Behin lizentzia guztiak ematen direnean, aztertuko dugu une horretan etxeren bat libre gelditu den, eta zenbat diren. Horren ostean, zabalduko dugu horien zozketan esku hartzeko izenematea", azaldu zuten Udaleko ordezkariek.
Promozio horretan 235 etxebizitza tasatu egingo dituzte hamar bloketan banatuta. 7. eta 8. blokea, berriz, babes ofizialeko etxeak izango dira.
Ingurune berean etxebizitza libreak eta babes ofizialekoak ere egingo dituzte. Babes ofizialeko 100 etxebizitza egin gura ditu Bruesak. Etxebidek hartuko du etxebizitza horien zozketa eta adjudikazioaren ardura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak