'ETA ez /ETA no' pankarta jarri dute udaletxeko balkoian

Mirari Altube Arrese 2008ko apirilaren 11

Aste honetatik aurrera 'ETA ez/ETA no' dioen pankarta dago udaletxeko balkoian. Isaias Carrasco zinegotzi ohia Arrasaten erail eta hurrengo egunean egindako elkarretaratzerako eskatu zuten PSE-EEko zinegotziek. Orduan ez zuten jarri Eudelek hala gomendatu zuelako, baina atzo arratsaldetik aurrera balkoian dago.

Pankarta jartzearen erabakia martxoaren 8an egindako elkarretaratze ostean hartu zuten udalbatzako kideek. Hainbat proposamen egon ziren: presoak gerturatzeko eskatzen duen izara kendu eta Bakea behar dugu jarri, esaterako. Ezker Batua-Berdeak alderdiak erabakia atzeratzea eskatu zuen "berotan ez hartzeko". Eta bai berak, bai Inaxio Garro alkateak giza eskubide guztien aldeko lelo orokorragoa gurago zutela jakinarazi zuten. Gainerako alderdiak PSE-EEko zinegotziek eskatzen zuten leloarekin bat etorri ziren, eta ETA ez/ETA no jartzea onartu zuten.

ETAren aurkako mezu argia

"Pankarta horren eskaera aspaldi geneukan eginda, lehenengo berbaz eta gero idatziz; izan ere, uste dugu terrorismoari zilegitasuna kendu behar diogula", azaldu digu PSE-EEko Ainhoa Sagarribaik. Garrantzitsua dela balkoian egotea dio: "Indarkeria egon badago horren adibide dira: pankartak, pintadak, jasan ditugu erasoak eta isekak… Horiei erantzun egin behar diegu, eta pankarta aurrerapausoa da". Era berean, eskerrak eman gura izan dizkie herritarrei martxoaren 9ko hauteskundeetan emandako erantzunagatik.

EAren iritziz mezu orokorrak ez dira nahikoa, "egoera konkretu baten aurrean ez diotelako herriari mezu garbirik luzatzen". Eta gaineratu du: "ETAren indarkeriazko estrategiaren aurrean ezin da postura epelik hartu, ez kalean eta are gutxiago erakundeetan. Gizarte honek hainbat aldiz ETAri luzatu dion ezetz borobila Udalak ere behingoz berea egitea gure erantzukizuna dela uste dugu".

EAJko zinegotziak ere pankarta jartzearen alde agertu dira: "ETAren aurkako mezu argi eta garbia da. Gaitz handia egiten du ETAk, herritarrak mehatxatuta egotea, esaterako. Bisualizatu egin behar dugu ETAren aurka egotea, presoen dispertsioaren aurka egotea bisualizatuta daukagun moduan", dio Arritxu Olidenek.

Beste lelo baten aldekoak

Aralarrek, ostera, gurago du beste lelo bat: "Giza eskubide guztien alde proposatu nuen nik", dio Inaxio Garrok, "injustizia sozial eta politiko guztiak bilduko lituzkeelako horrek".


Antzekoa aipatu du Ezker Batua-Berdeakeko zinegotzi Tomas Fernandezek: "ETA arazo bat da, eta ni aurka nago, baina beste terrorismo batzuk ere badaude: genero-indarkeria, islamdarrek sortutakoa, eskuin muturrekoena… ETAren aurka egonda ere gurago nuen nik terrorismo osoa aipatuko lukeen leloa erabiltzea: Terrorismoaren aurka eta giza eskubideen alde, edo antzeko bat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak