Lehenengo minututik ikusi da Santurtzi talde beteranoa eta indartsua dela, eta etxekoak baino hobeto kokatu da zelaian. Gainera, egindako lehen gol aukera aprobetxatu dute partidua euren alde jartzeko. Iban Astolak huts handia egin du baloia aldentzerakoan eta San Pedro aurrelariak gola sartu zuen.
Markagailua kontra izanik aretxabaletarrak ahalegindu dira lerroak aurreratzen, baina bizkaitarrak oso azkarrak ziren kontraerasoan. UDAk arazo asko izan ditu defentsan; huts gehiegi egin dituzte.
Abantaila izan arren Santurtzik gol aukera gehiago sortu ditu. Eskerrak aurrelariak ez diren fin ibili. UDAren lehen jaurtiketa Haritzek egin du 31. minutuan, Oinatzekin bat-bikoa egin ondoren; baina atezainak geratu du baloia. Lau minutu beranduago penaltia eskatu dute zaleek Imanol area barruan erori egin delako, baina epaileak ez du ezer adierazi. Segituan atzeko lerroa sendotzeko asmoz lehen aldaketa egin du UDAko entrenatzaile Gordobilek.Atsedenaren aurretik baina, Santurtzik beste bi aukera izan ditu abantaila handitzeko.
Falta jaurtiketan
Bigarren zatiaren hasiera lehenaren bukaeraren antzekoa izan da. Aretxabaleta ezinka ibili da, azken metroetan jokaldi garbiak egin barik.
Lehen jaurtiketa Santurtziko jokalari Alvarezek egin du. Jarraian beste bi aukera egin dituzte 53. eta 55. minutuetan.
Jokaldiekin ezer gutxi lortzen zutela ikusirik, falta jaurtiketa aprobetxatudu Aretxabaletak berdinketa egiteko. Raul jarri da jaurtiketa egiteko, eta Iker eta Imanol atezainari bizkarra ematen jarri dira baloia erdiratzeko. Baina, estrategia erabiliz Raulek bota ordez Imanolek jaurti du baloia. Atezainak ez zuen jaurtiketa espero eta berdinketa egin du UDAk. 84. minutua zen. Handik aurrera, buruarekin baino gehiago bihotzarekin, eta zaleen animuekin, aurrera egin dute etxekoek garaipenaren bila. Baina, ez dute aukerarik egin. Hori bai, Santurtziko aurrelari San Pedrok aukera izan du bigarrena egiteko.