Espainiako gerrak Aretxabaletan eragindakoa, DVD batean batuta

Mirian Biteri 2010ko urr. 8a, 13:34
Urriaren 21ean, 19:30ean, aurkeztuko da Espainiako gerraren gaineko 'Malko gorriak, gerra zibila Aretxabaletan' dokumentala. Aurkezpena Aretxabaletako Arkupeko Zaraia aretoan egingo da; eta emanaldia bukatutakoan, Intxorta 1937 kultur elkarteak egindako eta Arteman Komunikazioak ekoiztutako dokumentala erosteko aukera izango dute gura dutenek, 12 euroren truke. Denera, 500 kopia egin dituzte.

Intxorta 1937 elkarteko kide Juan Ramon Garaik azaldu digu 35 minutu inguru irauten duen dokumental historikoa dela. Aipatu du Jose Ramon Intxauspe aretxabaletarrak egin duela gidoia, eta monarkiaren erorketarekin hasten dela hori, 1931ko apirilean. Horren harira, gogorarazi du errepublikak askorendako itxaropena ekarri zuela, eta beste batzuendako, ostera, pribilegioak galtzeko arriskua. Gaineratu du Aretxabaletan, Euskal Herriko gainerako herrietan bezala, alderdi politikoak eta sindikatuak indartu zirela horrekin. 

1936ko uztaila

Hortik abiatuta, 1934ko urriaren iraultza ere zabal kontatzen dute ikus-entzunezkoan; baita 1936ko uztailean izandako estatu kolpea ere. Horren harira, aretxabaletarrek egindakoa azaltzen da; 12 kidez osatutako errepublikaren defentsako komitea sortu zutela eta erresidentziarako lehen taldeak lanean hasi zirela, hain justu. Eskumakoak atxilotu zituztela ere gogoraraziko da dokumentalean.

Garairen esanetan, "jarraian, faxistak, irailaren 21ean, Leintz Gatzagatik Debagoienean sartu zirela eta frontea Aretxabaletan zazpi hilabetez egonkortuta egon zela dator. Aretxabaletan sartzean atxiloketak egon zirela kontatzen da, herriko kaleetan eta baita Bedoñan ere; atxilotu horiek fusilatuak izan ziren. Hortik aurrerakoa ere kontatzen dugu, baina onena da dokumentala ikustea, merezi du-eta; izan ere, berregin egin dugu Dionisio Uribesalgo bedoñatarraren atxiloketa eta gudariak borrokan". 

Zortzi lagunek bizitakoa

Espainiako gerrari buruzko kronika egiteaz gain, dokumentalean zortzi aretxabaletarren elkarrizketak jaso direla ere azaldu du Garaik: Lucio Oteiza eta Jose Maria Orkajada milizianoak, fusilatu baten anai Lorentzo Peña, Jose Luis Uribesalgo eta Miren Gartziaetxabe fusilatuen seme-alabak, Begoña Etxebarrieta gudari baten alaba, eta gerrako ume bi: Pablo Urteaga eta Eduardo Altube. 

Egiaren bila

Ikus-entzunezkoa egiteko ideiaren harira, Garaik zera esan digu: "altxamendu faxistaren biktimekin gertatutakoa argitu gabeko auzia da, eta horregatik, beharrezkoa ikusten dugu benetan gertatutakoa jakitea". Horren harira, gogorarazi du Intxorta 1937 elkartetik aspaldi dabiltzala memoria historikoa berreskuratzen, liburuak eta bestelako ekintzak egiten; tartean, dokumentalak. Hil honetan Aretxabaletan gertatutakoaren gainekoa aurkeztuko dute, baina aurretik Elgetakoa ere egin zuten. 

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aretxabaletako Udalak finantzatutako egitasmo hori, Arrasaten ere aurkeztuko dutela esan du Intxorta 1937 elkarteko Juan Ramon Garaik. Azaroan izango da hori.

122 izar bailarako fusilatuen izenean

Memoria historikoaren gaineko autobusak herriz herri abiatuko da urriaren erdialdean, eta urriaren 21ean Aretxabaleta bisitatuko du. Bisita eta DVDaren aurkezpena aprobetxatu nahi izan dute ekintza bat antolatzeko. Debagoieneko fusilatuen senitartekoen elkarteak eta Baleuko produktoreak antolatuta, txalapartariak, bertsolariak eta dantzariak izango dira; fusilatuen senitartekoek ere hitza hartuko dute.  

Bertsolariek abesten duten bitartean, Debagoieneko fusilatuen izenean, 122 izar jarri dituzte senitartekoek eta lagunek memoria historikoaren gaineko autobusean. Azken hori herriz herri doa toki bakoitzean egondako fusilatuen izenak jasotzen. Aretxabaletako ekitaldia 18:00etan hasiko da, Durana kalean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak