Urtero antolatzen die Udalak jai eguna erretiratuei, eta 65 urtetik gorako aretxabaletar askok hartu izan du parte ekitaldietan. Aurten 260ren bat joango dira kirol etxera bazkaltzera. Jai eguna, baina, aurretik hasiko dute; 11:00etan salda beroa eskainiko diete Basotxo erretiratuen elkarteko tabernan. Eta ondoren, meza entzutera joango dira; 12:30ean izango da, parrokian. Kirol etxeko bidea hartuko dute gero erretiratuek eta 13:30ean, bazkaria eskainiko diete. Hona menua: frijituak, haragi-salda, otarrainxkak plantxan, bildots errea entsaladarekin, tarta eta izozkia. Bazkalostean, dantzaldia izango dute Ludi-Berri taldearekin eta oparitxoak banatuko dizkiete guztiei.
Herriko nagusienak
Bazkaltzera doazenek oparia jasoko dute, baina herriko nagusienek ere bai. Iaz bezalaxe Urats-Gain egoitzan bizi den Joaquin Barbero da nagusiena; abenduaren 18an 101 urte beteko ditu. Emakumeen artean, ostera, Elesgarai baserriko Margarita Lasagabaster da, otsailean egin zituen 96 urte.