Errekabarren kaleko geltokia tokiz aldatu dute

Mirari Altube Arrese 2009ko urriaren 30a

Astelehenetik aurrera ez da geratuko autobusik Errekabarren kaleko geltokian. Lekuz aldatzea erabaki du Udalak eta Geltokia plazan, hau da, Azbe lantegi parean utzi eta jasoko dituzte bidaiariak Pesa konpainiako autobusek. Egunotan dabiltza Amaral eraikuntza enpresako langileak geltoki berria gertatzen.

Inaxio Garro alkatearen esanetan bi arrazoi izan ditu Udalak erabaki hori hartzeko: "Bata, herriko erdi gunetik astean zehar pasatzen diren 305 autobus saihestea, hortaz, horrek dakartzan kutsadura, zarata… eta batez ere arriskuak ekiditea". Eta bestea, Eibar-Gasteiz autobidetik joaten diren autobusak Aretxabaletan geldialdia egitea, orain egiten ez dutena: "Linea horrek herrian geldialdia egiteko ezinbesteko baldintza jarri zuen Pesa autobus konpainiak geltokia herriko gunetik kanpo jartzea, bestela denbora asko galduko litzatekeela zioen”. Hortaz astelehenetik aurrera bai Arrasate aldera, bai Gasteiz aldera joateko Azbe lantegi parera jo beharko dute herritarrek.

Lurraldebus txartela eskura

Bestalde, Udalak jakinarazi du datorren astetik aurrera herrian bertan eskuratu ahal izango dela Lurraldebus txartela: Zainduz gimnasioan eta Arkupe kultura etxean. Eskaera egin eta txartela bideratzeko ordutegia zehaztu dute: aste egunetan, 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:00etara, eta zapatuetan, 10:00etatik 13:00etara. Ordainketari dagokionez, Zainduzen txartel bidez ordaindu ahal izango da; Arkupen, ostera, dirua eskura eman beharko da. Gainera, txartela eskuratu bakarrik ez, gero kargatzeko aukera ere egongo da. 


Bi urte pasatu dira Lurraldebusen txartel bakarra abian jarri zutenetik eta hasieran herrian bertan eskuratzeko modua egon bazen ere azken hilabeteotan Arrasatera joan beharra zeukaten aretxabaletarrek. Txartel bakarra erabilita %40ko deskontua egiten dute autobuseko txartelaren prezioan, eta deskontu hori %90 artekoa izan daiteke hilabetean pilatutako bidaia kopuruaren arabera. Gainera, familia ugariko kideek, deskontu osagarriak dituzte. 


Txartela eskuratzeko esku-orria bete behar da eta bertan eskatutako agiri guztiak aurkeztu. Astebete inguru behar dute gero txartela bidaltzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak