Zozketa hori datorren hilean egiteko asmoa du. Udalak gaineratu duenez, etxebizitza tokatu eta erosketaren aurre-kontratua sinatzerakoan, 12.000 euro jarri beharko dituzte etxebizitza horien erosleek.
Oraindik izena emateke dutenek jakin behar dute hainbat baldintza bete behar dituztela, etxebizitza tasatuen zozketan parte hartu ahal izateko: Besteak beste, 2007ko abenduaren 31tik Aretxabaletan erroldatuta egon beharko dira gutxienez interesatuak eta ez dira etxe baten jabeak izango. Gainera, 2006an izandako diru sarrerak eskatuko zaizkie.
Prezioa eta Zabalera
Etxe horietako metro koadro bakoitzak 2.380,97 euro balioko duela adostu dute Udalak eta Bruesa eraikuntza enpresak. Etxeak hainbat zabalerakoak izango dira. Txikienek 77 metro koadro erabilgarri izango dituzte, eta beraz, bakoitzeko 183.334,69 euro ordaindu beharko dituzte erosleek. Etxebizitza handienek, berriz, 94 metro koadro neurtuko dituzte eta 223.811,18 euro balioko dute. Etxeak eraikitzen hasi da dagoeneko Bruesa eraikuntza enpresa.