Enplegu Planaren lehen lanpostuen deialdia egin dute

Mirari Altube Arrese 2010ko mai. 31a, 12:08

Udalak jarri du abian martxoan iragarri zuen Enplegu Plana eta sei lanposturako deia egin du. Aretxabaletan erroldatutako langabeendako da dei hori eta izenemate epea egubakoitzean, ekainak 4 bukatuko da.

Sei langile horiek bi lan eremu ezberdinetarako behar ditu Udalak. Batetik, herriko inguruak egokitzeko proiektua dago. Lehen mailako ofiziala eta bi peoi behar ditu horretarako eta horien zereginak izango dira: ur saneamenduko sareen mantenu lanak; espaloi, lorategi eta gainerako gune publikoen txukuntze lanak; ataripeak garbitu…

Bestetik landa eremuak zaindu eta mantentzeko proiektua dago. Horretarako beste lehen mailako ofizial bat eta bi peoi gura ditu. Horien zereginak honakoak izango dira: Udalaren bide eta eremuak berreskuratu eta zaindu; landa inguruetako eta baserrietarako hodi eta arekak garbitu…

Izenematea Internet bidez

Interesa duten herritarrek ekainaren 4ra bitartean eman behar dute izena honako webgunean: www.redtrabaja.es. Hor jasotako izenak bakarrik hartuko dituzte kontuan eta bi baldintza bete behar dute lanposturako eskaera egiten dutenek: Aretxabaletan gutxienez urtebetean erroldatuta egotea eta langabetua izatea. Eskaerak aztertzeko hamar egun izango ditu Udalak eta ekainaren 14an lanean hasiko dira hautatutako sei langileak. Hiru hilabeterako izango dute lana, hau da, irail erdi ingurua arte.

Enplegu garapen teknikaria

Herriko langabezia tasa (%10)izugarri igo dela azken urtean ikusita erabaki zuten jartzea abian Enplegu Plana EAJk eta Aralarrek elkarlanean. Lanpostuak sortzearekin batera, formazio saioak eskaintzea herritarrei eta ekintzailetasuna bultzatzea da plan horren asmoa.

Hori guztia bideratzeko Enplegu Garapen teknikaria hartu dute. 48 lagun aurkeztu ziren postu horretara eta Dimako (Bizkaia) Argiñe Larrea hautatu zuten, hain zuzen joan den astelehenaz gero lanean dagoena. Udaletxean dauka bulegoa eta lan jardun osoz egongo da urtebetean. Larrearen zereginen artean daude herriko errekurtsoak aztertzea; jarduera ekonomiko berriak identifikaitzea; eta enpresa egitasmoei aholkularitza ematea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak