Energia eraginkortasuna hobetzeko ekintza plana egin du Udalak

Mirari Altube Arrese 2007ko abenduaren 20a

Maiatzean aurkeztu zioten energia kontsumoa aurrezteko proposamenak Kurtzebarri eskolako ikasleek Udalari. Orduan egindako eskaerak erantzuteko batzarra egin zuten, astelehenean. Alkatea, Ingurumen zinegotzi Joxe Anjel Antxia eta Jose Mari Segovia Hirigintza teknikaria elkartu ziren ikasleen ordezkariekin.

Herriko argiteria zela hobetu eta energia kontsumoa murriztu aztertu du Udalak. Energia eraginkortasuna aztertzeko farolen inbentarioa egin du, eta poliki-poliki ekintza plana abian jartzeko asmoa du. Ur hodien saneamendu lanekin batera argiteria berritzen dutela jakinarazi die Udalak, eta datorren urtean Herriko Plazakoei dagokie. Gabonetarako jarritako argien inguruan iradokizuna egin gura izan zuten ikasleek batzarrean: "Gutxiago baina politagoak jarri beharko lirateke".

Eraikin publikoetako energia kontsumoa eta beroketa instalakuntzak ere aztertu zituzten. Eta eguzki plaken erabilera gomendatu arren, oraindik ez dela teknologia oso eraginkorra azaldu zien Hirigintza teknikariak. Ur kontsumoaren inguruan, herriko iturri guztiak aztertuko dituztela jakinarazi zieten, eta kaleen garbiketa zerbitzua hobetzearen alde egin dutela.

Orain, kontsumo arduratsua
Tolosako Artelatz taldearen bitartez landuko dute Agenda 21 ikasturte honetan Kurtzebarriko ikasleek, eta zein gai izango den aurkeztu zieten: kontsumo arduratsua. Lehen Hezkuntzan aztertuko dituzte: hamaiketakoa, jostailuak eta litxarreriak; 3. ziklokoek, gainera, kontsumoaren azterketa egingo dute. DBHko 1. ziklokoek, ostera, publizitatearen inguruan egingo dute lan; eta 2. ziklokoek dendetako marketinga aztertuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak