Emakumearen egoera aztertzeko batzarra egingo dute, bihar

Mirari Altube Arrese 2008ko aza. 6a, 12:35
Berdintasun zerbitzuak antolatu du batzarra, eta egiten dabiltzan diagnostikoaren gainean hausnartzea da helburua. Herritarren partehartzea ezinbestekoa da Berdintasun saileko teknikari Jaione Fraileren esanetan.

Berdintasun zerbitzua jarri zuen Udalak abian orain dela hiru hilabete inguru, eta berdintasunaren gaineko diagnostikoa egiten dabiltza herrian. Diagnostiko horren helburua da: emakume eta gizonezkoen arteko ezberdintasunak aztertzea, arazoak eta beharrak identifikatzea eta konponbideak proposatzea. Horretarako ikertuko dituzten esparruak dira: lana, kirola, kultura, osasun arloa, hezkuntza…

Diagnostikoaren garapen prozesu barruan Herritarren partaidetzarako foroa antolatu dute. Hala, batzarra egingo dute azaroaren 7an, Arkupe kultura etxean (18:00). Foroaren helburua da orain arte jasotako datuak aztertzea, eta diagnostikoaren gaineko iritziak, iradokizunak eta proposamenak jasotzea. Hori horrela, Aretxabaletako emakumeen eta elkarte guztien ekarpenak jaso gura dituzte, eta herritarren partaidetza oso garrantzitsua dela gogorarazi gura du Berdintasun zerbitzuko arduradun den Jaione Fraile teknikariak. Batzarrera joateko asmoa dutenek aurrez iragartzea komeni da mezu bat bidalita posta elektroniko bidez: berdintasuna@aretxabaleta.net. Edo udaletxera deituta (943 71 18 62).

Eguen goizetan, udaletxean

Bilboko Murgibe aholkularitza enpresa hartu zuen Udalak berdintasun zerbitzua abian jartzeko, eta bertako teknikari Jaione Fraile eguen goizetan egoten da udaletxeko Gizarte Zerbitzuen bulegoan (09:00-14:00). Argibideren bat gura izanez gero edo iritziren bat helarazi eguen goizetan deitu behar da, edo bestela mezu bat bidali Berdintasun zerbitzuko helbide elektronikora.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak