Ekitaldiak gaur gazteendako 'Manhathan' gunean

Mirari Altube Arrese 2009ko aza. 27a, 13:55
Hainbat ekitaldi egingo dituzte gaur (17:00-21:00) Errekabarren kaleko atzeko partean, gazteek Manhathan deitzen dioten gunean. Gizarte Zerbitzuendako lanean dabiltzan kale hezitzaileek antolatu dute eta 11 eta 17 urte arteko aretxabaletarrak gonbidatu dituzte.

Jaialdi itxura izango duen arratsalde pasa izango da eta hainbat tailer egiteko aukera eskainiko diete gazteei: grafitiak, tatuajeak, txapak eta break dance. "Break dance pauso batzuk ikasten saiatuko gara", diote antolatzaileek. Gainera, skatean jarduteko pista jarriko dute, monopatin edo gurpiloholarekin ibil daitezen. Kale hezitzaileen esanetan "helburua ondo pasatzea" da, horregatik antolatu dituzte gazteen gustuko jarduerak.

Gazteekin hartu-emana

Irailean jarri zuten abian kale hezitzaile egitasmoa. Bi hilabete pasatxoan herria ezagutu dute hezitzaile horiek, egoera aztertu, dokumentazioa irakurri… eta orain kalera eramango dute egitasmoa. Gaur egingo duten jaia Ingurune Irekiko Programaren aurkezpena izango da. Kabia elkarteko hezitzaileek lehen hartu-emana izan dute herriko hainbat koadrilekin eta harremanak estutzen joateko asmoarekin etorri da jaialdia. Gainera, Manhathanen egitea erabaki dute bertan elkartzen delako koadrila bat.


Aurrerago beste ekintzak batzuk egiteko asmoa daukate baina garrantzitsuena ez dela ekintzak egitea diote Gizarte Zerbitzuko arduradunek, "gazteekin hartu-emana izatea" baizik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak