Erretiratu asko elkartu zen zapatuan, Basotxon, eta giro polita sortu zuten guztiek. Aurten 90 urte bete dituzten bazkideei omenaldia dantzariek egindako agurrarekin hasi zuten. Hiru omendu zituzten: Justo Unanue, Pascual Bazambide eta Modesta Gallastegi. Inaxio Garro alkateak, eta Araceli Herran eta Ainhoa Sagarribai zinegotziek banatu zizkieten opariak.
Ondoren, 25. urteurreneko ekitaldiak hasi zituzten. Aretxabaleta Abesbatzaren emanaldiak hunkitu egin zituen erretiratu asko, eta Martin Zaloña presidenteak esker on berbak izan zituen 25 urteko ibilbidea egiten lagundutako guztiendako. Erretiratuen Debagoieneko presidentea den Jose Rivieren eskutik jaso zuen plaka. Ospakizuna bukatzeko, txokolate beroa edan zuten elkartutako guztiek.