Ekainaren 1ean hasiko da zerbitzu ematen nagusien egoitza berria

Leire Kortabarria 2009ko mai. 15a, 10:59

Bi urte pasatxo hartu dituen proiektua bukatuta egongo da ekainaren 1ean: Aretxabaletako nagusien egoitza berria, orain arteko Urats Gain egoitza ordezkatu eta gaindituko duena, izan ere, Debagoien osoari zerbitzu emango dio, eta eskaintza askoz zabalagoa izango du. Egun horretan, Urats Gainen dauden 24 egoiliarrak egoitza berrira pasatuko dira.

Inaugurazio ekitaldia gero egingo dute, eta oraindik ez dago datarik, nahiz eta litekeena den uda ondoren egitea.

Egoitza kudeatuko duen GSR (Gestión de Servicios Residenciales) kooperatibaren esanetan, "Debagoienak hainbat mendekotasun mailarako dituen premiei erantzuna emango die egoitzak, eta bailarako arlo soziosanitarioan jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa da".

Mota askotako beharrak

Egoitza berriak 170 lagunendako tokia izango du, eta mota askotako plazak eskainiko ditu: 67 plaza iraunkorrak izango dira, hiru tarifa motarekin: mendekotasuna dutenak, 63,23 euro eguneko; mendekotasun handia, 79,04; eta besteak, 51,93. Bestalde, 30 leku psikogeriatria sailekoak izango dira, eta 85,22 euro eguneko tarifa izango dute. Azkenik, aldi baterako bost plaza izango ditu egoitzak, premia askotariko erabiltzaileendako; horiek ere, eguneko 85,22 eurotan.

Horiek Foru Aldundiarekin kontzertatutako 102 plazak dira; horiez gain, beste 68 daude, pribatuak. Tarifa kontzertatuak eta pribatuak berberak dira.

Eguneko zentroa ere izango da, 50 lagunendako, erabilpen mota eta tarifa desberdinekin.

Kooperatiba izango da

Lantaldea 110 lagunek osatuko dute. Joan den asteko eguenean, Aretxabaletako Udalbatzak konpondu zuen Urats Gaineko 12 langileen egoera: egoitza berriko lantaldera pasatuko dira. 70 laguntzaile, 20 mantenu langile (sukaldari, garbitzaile…), zortzi erizain, bi mediku, eta arlo soziosanitarioko 10 langile izango dira.

Egoitza LKS Ingeniaritzan sortutako GSR kooperatibak kudeatuko du, eta kooperatiba izaera izango du egoitzak ere; hortaz, langileak bazkide kooperatibistak izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak