Eibarko Topaleku aretoan du erakusketa Gurutze Mujikak

Mirari Altube Arrese 2010ko urt. 18a, 14:14
Areantza auzoan bizi den Gurutze Mujika margolariak erakusketa jarri du Eibarko Topaleku aretoan. Egubakoitzean zabaldu zuen eta domekara bitartean izango dira ikusgai margolanak.

Azken urteotan egindako hamazazpi lan eroan ditu Arrasate margo taldeko kide den Mujikak Eibarrera, gehienak paisaiak dira, baina natura hilak ere badaude. Natura du oso gustuko eta baserri ingurua aprobetxatzen du margotzeko: "Zuhaitzak, basoak, inguruko auzoak… Tartean elurtutako paisaia batzuk daude". Argi dauka margotzerakoan ez duela kopiatze hutsa egin gura; hala, "pinturarekin artea egiten" saiatzen da: "Barruan dudana espresatzen saiatzen naiz, barruko hori ateratzen". 


Pinturak zeresan handia dauka Mujikaren bizitzan eta egunero saiatzen da tartetxo bat egiten: "Sarri margotzen dut, eta egin ezin dudan egunetan behintzat pinturei begira egoteko astia hartzen dut". Dagoeneko hainbat lan dauzka eginda, batzuk oparitu egiten ditu eta beste batzuk enkarguz egin: "Baina margolan bakoitzarekin neure denbora hartzen dut, hortaz, ez dut sortu horrenbeste". 


Dagoeneko 20 bat urte daramatza margolanak egiten Mujikak baina aurrera begirako asmo zehatzik ez dauka "margotzen jarraitzea", besterik ez. Oraingoan Eibarren jarri du erakusketa baina laster Aretxabaletan bertan izan daiteke. Hain zuzen 2004an izan zituen lanak ikusgai udaletxeko ganbaran. Herritarren batek Eibarrera joan gurako balu erakusketa ikustera jakin dezala Zuloagatarren kaleko 3. atartean dagoela Topaleku aretoa. Eta hona ordutegia: aste egunetan (19:00-21:00); eta zapatu eta domekan (12:00-14:00) eta (19:00-21:00).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak