Esan bezala, egubakoitzean hasi zituzten Aretxabaletan Andramari jaiak eta Gose talde arrasatearra izan jaietarako motorrak berotzen hasteko aukera eskaini zuena; herriko plazan kontzertua eskaini zuen.
Zapatuan ere egon zer egin Aretxabaletan: pilota partiduak, Trapu Zaharrak kale antzerkia, suzko erroberak. Dena dela, jaien bigarren egunean, gaueko kontzertua izan zen ikusmin gehien sortu zuena, Loquilloren kontzertuak, hain justu. Herriko plaza jendez gainezka aurkitu genuen; adin guztietako jendea hurbildu zen eta Loquillok berehala ipini zituen guztiak dantzan; eszenatokia handia, argiak ikusgarriak eta Loquillo bera bikain. Kontzertuaren bukaera aldera etorri zen onena, Loquillok bere abesti ezagunenak abestu zituenean.
Domekakoa ikuskizunen eguna da errekortadoreen eskola ibiltariarekin eta Bielorrusiako akrobaziekin. Gauean pilota partiduen txanda etorriko da: Belloso-Ibaizabal / Olaetxea-Oteiza eta Berasaluze VIII-Penagarikano / Saralegi-Mendizabal.
Gaur, astelehena, koadrilen eguna izango da. Eguerdian herri bazkaria egingo dute eta gauean Mariatxiekin amaituko dituzte aretxabaletarrek Andramari jaiak.
Goiena Telebista, albisteen tartean, Aretxabaletako Andramari jaien laburpentxo bat ikusteko aukera izango duzue gaur.